Teknologia albisteak

Zirika Irratia: 20 urte eta hastera goaz!

Erabiltzailearen aurpegia
Zirika Irratia (Idiazabal)
2010-01-20 : 10:01

Pasa den abenduan 20 urte bete dira Idiazabalgo Zirika Irratia sortu zenetik. Azken urteetan ordea, isilik egon da Idiazabalgo frekuentzia. Zapatu honetan berriro hasiko da emititzen. Lantalde berria, estudio berria, frekuentzia berria, irudi berria... nobedadez beteta dator Zirika Irratia.

Udaletxeko etxeetako batean dago Zirikaren estudio berria, eta bertatik emitituko dute aurrerantzean. Bestalde irratiaren frekuentzia ere aldatu da, Zirika entzuteko hemendik aurrera FMko 98.9 sintonizatu beharko da. Lehen bezala eguerdiko ordu-batean hasiko da irratsaioa eta herritarrek izango dute protagonismoa.

Herriko albisteen berri emango dute Zirikan, eta horretaz gain, elkarrizketak, kirolen tartea, lehiaketak, eskainitako abestiak, grabazio zaharrak eta beste hainbat atalez beteta sartuko dira zapatu eguerdietan Idiazabalgo sukaldeetara.

Webgunea

Webgune bat ere jarri dute martxan: www.zirikairratia.tk

Bertan, herriko hainbat albiste argitaratuko dituzte, eta horretaz gain entzuleek beraien iritzia emateko aukera ere izango dute. Astelehenean zabaldu zuten webgunea, eta izaten ari den harrerarekin oso gustora daude irratikoak. Herritarren parte hartzeari garrantzia berezia eman nahi diote Zirikakoek irratiaren aro berri honetan, eta asmo horrekin jarri dute webgunea.

Gainera, laster irratia internet bidez entzun ahal izateko ere lanean ari dira. Bestalde, albisteak bidali edo abestiak eskaini nahi dituenak zirikairratia@gmail.com e-postara bidaliz egin dezake, edo nahiago badu Zirika irratiaren telefono berrira deitua 943 18 70 78.

Oraingoz, larunbatetako irratsaioa berreskuratu nahi dute Zirika irratikoek, baino aurrerago bestelako irratsaioak ere egiteko asmoa badute. Orain, 24 orduz musika eskaintzen ari dira.

Beraz, esan bezala, larunbat honetan eguerdiko ordu-batean izango da Zirika irratiarekin lehen zita.

Erantzun

Sartu