Teknologia albisteak

Euskalerria Irratia: isuna ezartzeko saiakera, eta aro berri bat Interneten

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-01-11 : 16:01

Asteburu honetan argitaratu da egunkari batzuetan Espainiako Industria Ministerioak Euskalerria Irratiari 30.000 euroko isuna ezarri diola interferentziak eragin dituelakoan. Baina Euskalerria Irratiak berak argitu duenez, besteak beste prozeduran oker egiten duen isuna da, epez kanpo ari baita Ministerioa. Hala ere, adi egoteko eskatzen die Iru�eko irratiak entzuleei, eta hauen artean, sarekoak ere kontatzen ahal dira orain, Internetetik ere ematen baitue seinalea irratiak joan den hilabetetik.

Euskalerria Irratiak erantzun bikoitza ematen du mezu honetan. Gaiaren muinari dagokionez:

Irratiak interferentziarik eragin ez duela argi uzten duten txosten teknikoak aurkeztu ditu, eta inork ez du frogatu okerrak direnik. Areago, inork ez die erantzun modu dokumentatu batean. Bestalde, Erreniega mendiko azpiegitura radioelektrikoak, emisoreak, beharrezko baimen guztiak ditu, bai Udalarena, baita Nafarroako Gobernuarena ere. Egia den bakarra, baimenik gabe emititzen ari garela, hamaika jukutria egin dituztelako guri lizentzia ukatzeko. Hain justu horixe da ozen exijitu nahi duguna, merezi dugun, dagokigun lizentzia behingoz eman diezagutela.

Eta bestetik, isun ezarpen honen kasuan gertatu den prozedura kontuari buruz:

Arauturiko prozedura administratiboaren arabera, Ministerioak urte beteko epea zuen espedientea zabaldu zuenetik Irratiari zigorra helarazteko. Eta ez du bete. Epez kanpo publikatu du isuna Espainiako Buletin Ofizialean. Jakinarazpena ez dio garaiz helarazi irratiari. Hori dela kausa, 2009ko abenduaren bederatzian, Euskalerria Irratiak idazkia helarazi zion Ministerioari, finkaturiko epea bete ez duenez, espedientea artxiba dezala eskatuz.

Urtea Interneten sendo

Presio politiko eta administratiboak gora-behera, Euskalerria Irratiak sendo hasi du Interneten bide berri bat. Abendutik hona, webgune berrituan, Internet bidez ere entzun daiteke irratia. Hona aukera tekniko batzuk, eta programazioa.

Beste modu bat da VLC jogailu librearekin, honako streaming helbidea irekitzea: http://server4.beatproducciones.com:8014

Webgunean informatzen eta entzungai egoteaz gain, hemen ere badago orain Euskalerria Irratia:

Erantzun

Sartu