Sustatu logoa Teknologia albisteak

Lost, Leioako komunean plost

Goio Arana
2010-02-02 10:02

Gaur estreinatuko du AEBetako ABC telebista kateak Lost telesailaren azken denboraldiko lehenengo atala (Lost edo Galduak, Perdidos izenarekin bota dute Hegoaldeko telebistetan eta Lost, les disparus izenpean Iparraldean). Gurean ere sekulako eragina izan du gaur mundu osoan ia aldi berean estreinatuko den telesail iparamerikarrak.

Aurrekoak bezala, Espainian, seigarren denboraldia Cuatro telebistak emango du otsailaren 9tik aurrera. Atal berriak orain artekoak baino atzerapen txikiagorekin hasiko dira botatzen ikusleen galera saihesteko asmoarekin, izan ere, zale askok Lost-en aurreko denboraldiak AEBetan estreinatu orduko deskargatu izan du bertsio originalean eta gaztelerazko azpitituluekin, horretara, Espainiako telebistan atal berriak botatzen hasi orduko zale amorratuek jada ikusita zuten denboraldi osoa.

Telesailaren izena dator protagonistak hegazkin istripua izan eta gero ezustez betetako irla exotiko batean galdutako daudelako. Mundu osoan arrakasta itzela izan du bizi-iraute nahiak, azpijokoak, fenomeno paranormalak, amodio kontuak eta abenturak nahasten dituen fikziozko telesailak. Lost-ek, nola ez, oso eragin handia izan du Interneten ere, esandakoren erakuslea da Lospedia enziklopedia moduko makina bat webgune propio dituztela zaleek eskura sarean.

Gurean, ikusle asko pantaila aurrera bildu ez ezik Galduak-en gaia "Euskal Herriratzea" nahi izan duena ere egon da, ikusi besterik ez dago Leioako EHUko komun bateko atean utzitako Dharma ekimenaren eta Benjamin Linusen aztarnak, artikulu hau gorago ilustratzeko jarriak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu