Eguraldi iragarpenak ez dira egun batetik besterakoak soilik. Azkenaldian zubi,oporraldiez gain, aste osoko iragarpena egiten digute. Ona ote da hori? Zein asmo ote dauka funtsean?
Aste osoko eguraldia jakinarazten digute azkenaldion. Orain dela urte batzuk, osta osta genekien hurrengo egunean zein eguraldi egingo zuen eta gaur egun astebeteko tartearekin jakin genezake. Zertarako horrenbeste informazio? zergaitik ez diogu naturari berezko dituen dohaiak eta indarrak bere kasa aurkezten uzten?
"Egon daitezkeen kalteak saihesteko" erantzungo didate batzuek. Baina benetan zertarako bizi gara? datorren astean eskiatzeko edo mendira joateko eguraldia egingo ote digunaren zain?. Argi dago ez garela bizi gaur gauean eta bihar goizean egingo dugunaren gosez.
Urteen poderioz herriko aldizkarian egin izan ditudan makina bat elkarrizketatan, jende askok, gehienek esango nuke, aitortu izan didate eguraldiak asko eragiten diela beraien umorean, jarreran, hau da egunerokoan. Eguna grisa edo eguzkitsua edo euritsua izan, ez zutela gorputzaldi, ilusio eta amets egiteko gogo bera izaten. Niri pertsonalki ez dit horrek apenas eragiten. Esango nuke, sarritan eguzkia eskertzen dudan bezela, euria edo elurra datorrenean ederra izaten dela. Jarrera kontua dela uste dut. Norbera barrutik nola harrapatzen gaituen ere badu bere eragina.
Aste honetan esate baterako, datorkigun elurtea dela ta, alarmak astelehenetik jarri ziren abian eta makina bat jenderengan eragin du horrek. Badaezpadazko makina bat neurri hartuko zituen jendeak. Ni datorrenari aurre egiteko gogoz eta ilusioz nago.
Erantzun
Sartu