Teknologia albisteak
1

Kultura Bonua aprobetxatzeko denbora dago oraindik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-01-04 : 13:01

Eusko Jaurlaritzak kultura eta ekonomia sustatzeko martxan jarritako Kultura Bonua aprobetxatzeko garaiz zabiltzate oraindik. Bihar arte dago epea Bonua eskuratzeko, eta ondoren urtarrilaren 16a arte, gastatzeko. 25 euroan, 40 euroko bonoa erosten duzu. Interneteko informazioa nahiko modu traketsean jarri du sarean Eusko Jaurlaritzak, PDF sorta bat jarri Interneten, eta kito, bai Euskadi.net-en eta Kulturklik webgunean. Kontua argi azaltzen saiatuko gara hemen.

Bonuarekin eros daitezke:

  • Liburuak (literatura, saiakera, poesia eta marrazkigintza) baina ez honelakoak: testu-liburuak, liburu profesionalak eta ikasketetakoak
  • Musika CD, binilo edo DVDan
  • Zinea (DVD)
  • Zuzeneko ikuskizunetarako sarrerak (antzerkia, dantza, musika...)
  • Museoetako fideltasun txartelak (museoaren lagunak, adibidez)

Ezin daitezke erosi:

  • papergintzako produktuak
  • informatika eta elektronikako produktuak
  • joko eta bideojokoak.

Informazioan ez du jartzen posible denik, baina jakin izan dugu, zinemako sarrerak erosteko ere balio duela, bederen 16 txarteleko abonu-sortak saltzen dituzten Bilboko bi zinema hauetan:

  • Capitol
  • Multi

Erosketa-lekuen zerrendan, beste zine areto batzuk ere ageri dira Araban eta Bizkaian (ez Gipuzkoan); beraz, ematen du zine-sarrerak eros daitezkeela horietan ere.

Nola erosi bonua

Bonuak urtarrilaren 5a arte eros daitezke, edo prestaturiko bonuak agortu arte. Eusko Jaurlaritzak 15 euroko laguntza ematen duenez bonu bakoitzean, eta 1.150.000 euroko diru-funtsa prestatu denez, honek esan nahi du 76.666 bonu daudela. Baina oraindik ez dira agortu. Gaur eguerdian, urtarrilak 4, badaude bonuak oraindik, jakin dugunez. Ez badira hurrengo orduetan agortzen, biharko 24.00ak arte dago epea.

Bonua erosi behar da banketxeko txartel batekin. Pertsona bakoitzeko bonu bat, teorikoki; baina, praktikan, horrek esan nahi du txartel bakoitzeko bonu bat. Baldin baduzu aurrezki kutxa bateko txartela, Visa bat, eta beste banketxe bateko beste txartel bat, hiru bonu eros ditzakezu. Itxura batean, ez bazara EAEko biztanlea, berdin eros dezakezu bonua. Zatoz Visa edo kreditu txartel batekin (Iparraldetik, adibidez) edo Espainiako beste banketxe bateko txartelarekin, eta berdin jasoko duzu bonua.

Behintzat, uste dugu hori dela kasua Bizkaian edo Gipuzkoan. Beharbada Araban desberdina da, ze Vital Kutxaren webgunetik egin behar da eskaera, eta akaso kasu honetan bakarrik bertako txartelak balio du.

Bonua eros daiteke, beraz,

  • Gipuzkoan, ikuskizunetarako sarrerak saltzeko gaitasuna duten Kutxako Servikutxa kutzazain berezietan.
  • Bizkaian, ikuskizunetarako sarrerak saltzeko gaitasuna duten BBkren kutzazain berezietan.
  • Araban, Vital Kutxaren webgune honetan egin behar da eskaera, eta gero nonbait, bulego batean jaso behar du bonua, hemen informatzen dutenez. Ez dago argi Vitalekoa ez den txartel batekin Araban bonurik atera daitekeen ala ez.

Non gastatu bonua

Bonua establezimendu bakar batean kontsumitu behar da. Erosketa 40 eurotik beherakoa bada, ez da diferentzia esku-dirutan itzuliko. Erosketa 40 eurotik gorakoa bada, falta den alde hori diruz ordainduko da. Hala ere, zera zehazten du Jaurlaritzak: "Edonola ere, establezimenduaren esku egongo da komeni diren erraztasunak ematea erosleari, bonuaren balioa agortzeko, betiere iraungitzeko epea onartuz gero." Eta izatez, liburudenda batzuetan erraztasun horiek ematen ari direla jakin dugu (gaur erosketa erdia egin, eta zatoz hurrengo batean 40 euro osatu arte).

Erosketa hauek egiteko, ezin da edozein lekutan. Zerrenda bat dago, zeina Jaurlaritzak PDFan argitaratu duen. Vital Kutxak testura bihurtu du, eta handik kopiatu dugu guk hona (izen batzuk gazteleraz daude, ez gara hasi zuzentzen):

El Corte Ingles (Bilbo, Eibar, Gasteiz) eta FNAC (Bilbo, Donostia) saltoki handietan ezin da disko edo libururik erosi bonuarekin, baina ikuskizunetarako sarrerak bai.

Erantzunak

Unai
2010-01-04 : 13:24

Nik Vital Kutxaren txartelarekin, eta webaren bidez erosi nuen bonua.



Eta gero Dendaraban jaso nuen bonua. Hementxe bertan, hain zuzen ere:



http://www.argazkiak.org/photo/denok-gara-gazte-vital-ku/

Erantzun

Sartu