Gipuzkoako apaizek Munillagatik protestan idatzi duten agiria
Sustatu
2009-12-16 : 18:12
Jose Ignacio Munillaren Gipuzkoako gotzain berriaren izendapenaren aurkako agiria sinatu dute 131 apaizek, tartean Gipuzkoako 14 artzipresteetatik 11k eta 85 parrokok (Gipuzkoako parrokoen %77). Gaurko Berriak dakar albistea, baina adierazpen osoa lortu eta hona ekarri dugu.
Adierazpena
Adierazpena
Gipuzkoako Elizaren apaiz eta erlijioso pastoral kargudun hauek gure Elizbarrutirako gotzain berria izendatu dutela eta, Gipuzkoako Eliz
elkarteko apaiz eta erlijioso garenez, Iekuko gure Elizaren aurrean dugun erantzukizunak eraginik, honako hau azaldu nahi dugu:
Saminez eta kezka handiz hartu dugu Jose Ignacio Munilla jaunaren izendapena Gipuzkoako Eliza presiditzeko eta gidatzeko. Gure Elizbarrutiko eliz jardueraren gaitzespen zehaztzat eta, orobat, norabidea aldatzeko ekimentzat hartu dugu.
Aditzera ematen dugu ez gatozela bat eta gaitzetsi egiten dugula Jose Ignacio Munilla gure Elizbarrutiko Gotzain izendatzeko izan zen azpi-asmoa eta erabili den prozedura.
Deitoratu egiten dugu hain garrantzitsua den arazoa aurrera eramateko gure Elizbarrutiaren eta beraren erakunde pastoralen sentimena aintzakotzat hartu ez izana eta errespetatu ez izana.
Badakigu Jose Ignacio Munilla jaunak bere apaiz-lanean izan zuen ibilbidea Elizbarrutiko lan-ildoetatik urruti zegoela eta ez zuela halakoekin bat egiten. Beraz, uste dugu ez dela inondik ere pertsona egokia gure Elizbarrutiaren Gotzain- eta Artzain-eginkizuna betetzeko.
Aditzera ematen dugu bat gatozela gure Elizbarrutian, Vatikanoko II. Kontzilioaren espirituari leial erantzunez, oraino landu dugun ildo pastoralarekin eta eliz ereduarekin, gure Gotzainek suspertua eta gidatua izan
delarik.
Eta horrexegatik, Jesu Kristoren ebanjelioarekiko leialtasunak, Elizarekiko maitasunak eta gure herria zerbitzatu nahiak eraginik, behin eta berriz diogu, gure kristau-elkarteen aurrean, urte hauetan egin ditugun hautapen pastoralei eutsi nahi diegula eta horien arabera jarraitu lanean.
Ziur gaude geurekin izango dugula Espirituaren indarra eta sinestedun askoren lankidetza, une nahasi hauetan beren kristau esperientziaren emaitzarik hoberena eskaintzen jarraituko baitute.
Erantzun
Sartu