Donostiako Euskararen Udal Patronatuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kirola eta aisialdi ekitaldietan euskaraz arituko diren aurkezleak trebatzeko ikastaroa antolatu dute bigarren urtez jarraian. Bi erakundeok mota horietako ekitaldietan aurkezle euskaldunen premia dagoela ikusita lanbide horretan aritzeko teknikak eta baliabideak jorratuko dituen ikastaro berezitua martxan jarri dute.
Iaz antolatutako ikastaro aitzindariaren harrera eta emaitzak oso onak izan ziren eta arlo honetan dauden beharrak agerian geratu dira. Hori dela eta, iazkoa baino ikastaro osatuagoa eta sakonagoa antolatu dute bi erakundeek. Aurtengo ikastaroa 40 ordukoa izango da eta ahozko kultur adierazpideen ikerkuntza eta berrikuntza landu eta zabaltzeko Villabonan inauguratu berri den MINTZOLA gunean eskainiko da.
Ikastaroaren 40 orduak zortzi larunbatetan banaturik eskainiko dira, urtarriletik maiatzera bitartean. Ikastaroan, batetik, alderdi teorikoak eta praktikoak landuko dira eta, bestetik, euskal aurkezle ezagun batzuen esperientzia eta aholkuak jasotzeko aukera izango da.
Ikastaroa eginkizun horretan aritzeko gogoa izan dezakeen edonorentzat da. Hala ere, bereziki interesgarria izan daiteke kirol federazio edo klubetan ari direnentzat, ekitaldietako antolatzaileentzat, begirale eta dinamizatzaile lanetan aritzen direnentzat edota kazetaritza edo kirol hezkuntza arloko ikasleentzat. Horrez gain, aurkezle lanetan dabilen jendearentzat ere egokia da aurkezpenaren alorrean hobekuntzak lortu eta akatsak saihesteko kontuan hartu beharreko hamaika alderdi jorratzen baitira.
Iazko ikastaroan mota askotako pertsonak aritu ziren: aurkezle lanetan dabiltzan profesionalak, komunikazioan interesa duten ikasleak, kirolari profesionala izandako bat eta abar.
Izena emateko epea zabaldu da dagoeneko eta interesatuek abenduaren 30era arte eman dezakete izena Euskararen Udal Patronatuko www.euskaraz.net web orrian. Ikastaroa egiteko 80 ordaindu behar dira eta plaza mugatuak dira. Nolanahi ere, izena ematerakoan ez da ordainketarik egin beharko; izenematea egiaztatzerakoan jakinaraziko da non eta nola egin ordainketa.
Argibide gehiago behar izanez gero, telefono zenbaki hauetara jo:
Iazko ikastaroa antolatzeko garaian, kirol eta aisialdi ekitaldietako aurkezle euskaldunen premia zegoela ikusteaz gain, euskarazko aurkezpenak egiteko prest dagoen jendearen berri emateko beharra zegoela ere antzeman zen. Askotan kirol edota kultur erakundeek ez zituzten aurkezle euskaldunak aurkitzen eta ez zekiten nora jo. Gabezi horri aurre egiteko Euskararen Udal Patronatuko www.euskaraz.net eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren www.kirolaeuskaraz.net web orrietan iazko ikastaroan parte hartu duten pertsonen zerrenda eta curriculuma jarri dira. Honek emaitza onak eman ditu eta dagoeneko zerrenda horretan dauden hainbat pertsona lanean aritu izan dira aurten zenbait taldek, erakundek edota udalek deituta.
Erantzun
Sartu