Azken bi asteotan sarean barra-barra dabil Internet-eko oinarrizko eskubideen aldeko Adierazpena. Espainolez, gehien bat, baina adierazpena euskaratuta ere badago. Adierazpenak aldarrikatzen du egile-eskubideak ezin direla herritarren oinarrizko eskubideen gainetik egon. Norbaiti oinarrizko eskubide bat eten behar balitzaio, epaile baten eskuduntza izatea aldarrikatzen du adierazpenak.
Internet-eko oinarrizko eskubideen aldeko Adierazpena
Internet-eko oinarrizko eskubideen aldeko Adierazpena
Ekonomia Iraunkorraren Lege aurreproiektuan barneratutako aldaketa legegileek adierazpen, informazio eta Internet bidezko kulturatze askatasuna bermatzen ez dituztela eta, kazetari, blogari, erabiltzaile eta Interneteko eduki sortzaileak asmo biziz azaltzen gara proiektu honen aurka, honako hau agertuz:
- Egile-eskubideek ezin izango dute inola ere pribatutasun, segurtasun, errugabetasun-presuntzio, benetako epai-babes eta adierazpen askatasun eskubideen gisako herritarren oinarrizko eskubideen gainetik egon.
- Oinarrizko eskubideak bertan behera uztea Botere Judizialaren eskuduntza da eta horrela izaten jarraitu behar du. Epairik gabeko itxiera bakar bat ere ez. Aurreproiektu hau, Konstituzioaren 20.5 artikuluak azaldutakoaren kontrakoa da, organo ez-judizial baten esku -Kultura Ministerioaren menpekoa- jartzen baitu espainiar hiritarrek edozein webgunetara sartzea galarazteko ahalmena.
- Legedi berriak ziurgabetasun juridikoa ekarriko du Espainiako sektore teknologikora, gure ekonomiaren etorkizuneko eta garapenerako alor bakanetakoa kaltetuz, enpresen sorrera oztopatuz, konpetentzia askea trabatuz eta nazioarte mailako proiekzioa motelduz.
- Proposatutako legedi berri honek, sortzaile berriak mehatxatzen ditu eta kultur sorkuntza oztopatzen du. Internet eta ondorengo aurrerapen teknologikoen bidez era guztietako edukien sorkuntza eta hedapena nabarmen demokratizatu dira eta aipatu edukiak jada ez datoz nagusiki ohiko kultur industriei esker, hainbat iturri ezberdinetatik baizik.
- Beste langile guztiek bezala, sortzaileek bere lanetik bizitzeko eskubidea dute, ideia kreatibo berrien, negozio eredu zein beren sorkuntzei lotutako jardueren bidez. Lege aldaketak erabiliz ingurune berrira egokitu ezinik dabilen industria zaharkitua sostengatzen saiatzea ez da zuzena ezta errealista ere. Negozio-eredua obren kopien kontrolean oinarritzen bazen, eta hori Interneten ezinezkoa bada oinarrizko eskubideak urratu gabe, beste eredu bat bilatu beharko lukete.
- Gure ustez, kultur industriek bizi irauteko alternatiba modernoak, eraginkorrak, sinesgarriak eta eskuragarriak behar dituzte, era berean erabilera sozial berriei egokituz, lortu nahi duten helburua lortzeko hain ez-eraginkorrak eta neurrigabekoak diren mugak baino.
- Internetek modu askean funtzionatu behar du, giza jakintza askea eragozten duten eta negozio eredu zaharkitua betikotzen saiatzen diren sektoreek bultzatutako interferentzia politikorik gabe.
- Espainian gerta daitekeen edozein presioren aurrean, Sarearen neutraltasuna bermatzea exijitzen diogu Gobernuari, etorkizunari begirako ekonomia iraunkorraren eta errealistaren garapena bideratzeko marko gisa.
- Jabego intelektualaren eskubidearen benetako erreforma proposatzen dugu, honek duen helburuari begira: jendarteari jakintza itzultzea, herri jabaria sustatzea eta erakunde kudeatzaileen gehiegikeriak murriztea.
- Demokrazian legeak eta lege-aldaketak eztabaida publikoaren ondoren onetsi behar dira, tartean dauden alde guztiak kontsultatu ondoren. Ez da bidezkoa oinarrizko eskubideak kaltetzen dituzten lege aldaketak egitea Organikoa ez den eta beste gai bati buruzkoa den lege bat horretarako erabiliz.
Jatorrizkoa: GNU Free Documentation License 1.2 © : Manifiestointernet
Erantzun
Sartu