Ohitu gara Interneten, Flash jogailuen bidez musika entzutera edo bideoak ikustera. Kasu batzuetan, bideo edo audioaren ondoan jatorrizkoa jaisteko aukera dugu, hala nola audioekin Euskaltuben (Audio eskuratu klikatuz lortzen da mp3-a) edo bideoekin Eitb.com-en (deskargak mp4 klikatu behar da). Baina beste batzuetan, itsasteko edo embed egiteko aukera hor dagoen arren, ezin dugu soinu edo irudien fitxategia gure disko gogorrera jaitsi. Ez behintzat zuzenki, baina bai zeharka, Download Helper deritzon Firefoxeko gehigarri praktikoari esker.
Argazkiak.org | Download Helper: audioa jaisten © cc-by-sa: sustatu
Firefoxerako gehigarri praktikoa da Download Helper.
Behin instalatuta, oso erraza da. Nabigatzailearen helbide barraren ondoan, Download Helperren ikonoa agertzen da. Hiru bola jira-biran, horixe da ikonoa. Ez baldin badago material multimediarik ikuskatzen ari zaren orrian, ikonoa grisez amatatuta agertuko da. Edukiren bat baldin badago, koloreztatzen da eta biraka hasten da. Horrek esan nahi du hor dauden edukiak jaitsi ditzakezula.
Adibidez, Goear musika entzuteko webgune ezagunean. Jotzeko ematen badiozu kantu jakin bati, jaisteko aukera duzu. Adibide honetarako, Kortaturen kantu bat bilatu dugu han. Aktibatu da ikonoa, eta han klik eginda, atzean duen mp3 fitxategiaren berri daukagu: horixe aukeratu, eta disko gogorrean gordetzeko esan dezakegu.
Argazkiak.org | Download Helper: audioa jaisten © cc-by-sa: sustatu
Badok.info webgune euskaldun berrian ere horrela eskuratu daitezke fitxategiak. Adibidez, bertan dauden bideoak. Orri batean bat baino gehiago jotzeko aukeratu baduzu, horiek agertuko zaizkizu aukeran jaisteko ikonoan klikatuta, Mikel Laboaren bideo hauekin pantaila irudi-honetan erakusten den bezala:
Argazkiak.org | Download Helper bideoak jaisten © cc-by-sa: sustatu
Fitxategiak jaistean, jatorrizko webgunean duten izenarekin gordetzen dira: letra-zopa arraro bat izan daiteke izena, eta onena duzu jaitsi bezain pronto konprobatu zer den, eta fitxategiari izena edukitu. Bideoen kasuan batzuetan .mp4 formatuan jaisten dira, baina gehienetan .flv formatuan datoz bideoak. Horiek ikusi ahal izateko, instala ezazu ordenagailuan VLC multimedia-jogailu doako eta librea.
Youtube eta gainerako bideogune ezagunetan ere ondo funtzionatzen du Download Helperrek. Batzuetan, gune hauen kudeatzaileek oztopo berriak asmatzen dituzte Download Helperren lana eragozteko, baina gehigarriaren egileak azkarrak izaten dira, eta handik gutxira Firefoxen automatikoki instalatzen den eguneratzeari esker, normalean oztopo horiek gainditu egingo ditu Download Helperrek.
Download Helper instalatzen da Firefox-en gainean, noski. Oraindik ez baduzu Firefox, instala ezazu euskarazko bertsioa gaur bertan.
Nik Easy Youtube Video Downloader deritzon Firefox-erako gehigarria ere erabiltzen dut, Youtubeko bideoak FLV, 3GP, MP3, MP4, 720p HD eta 1080p Full-HD formatuetan zuzenean jaisteko.