Ziurtagiriaren Elkarteak urteko ekitaldi nagusia ospatuko du abenduaren 14an, 19:00etan hasita Gasteizko Artium museoan. Aurten gainera, Bai Euskarari Ziurtagiriaren ospakizuna Kuadrillaz kuadrilla euskaraz, Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz Arabako kuadrilletan aurrera eramandako ekimenaren amaierako saioa ere izango da.
Ekitaldia berezia izango da, besteak beste, Bretainako eta Herrialde Katalanetako testigantzak entzun ahal izango direlako. Fulup Trovers, Ofis ar brezhoneg elkarte bretainiarreko zuzendariak; eta David Vila i Ros, 7dquatre elkarte katalaneko zuzendariak hitz egingo dute. Izan ere, hizkuntza txikiak tokian-tokiko arlo sozio-ekonomikoan gaia izango da saioaren ardatza. Era berean, aurten Bilbao New York Bilbao liburuari esker Espainiako Narratiba Saria eskuratu duen Kirmen Uribek berak ere ekitaldian parte hartuko du. Aipaturiko guztiaz gain, eta ekitaldiari umore puntua jartzeko, ORTZAI antzerki taldearen emanaldia izango da.
Dena den, ekitaldiko benetako protagonista Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateak izango dira. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu duten erantzukizuna aitortu eta eskertu nahi zaie entitate horiei. Horrexegatik, berrikuntzak izango dira aurtengoan. Hasteko eta behin, Bai Euskarari Sariak emango dira lehen aldiz; bere bitartez bi neurri edo ekintza sarituko ditu Ziurtagiriaren Elkarteak, aitzindaria izateagatik edo euskararen normalizazioan suposatu duen berrikuntzagatik. Horrez gain, BAI ziurtagiridunen aldizkaria sortu du Ziurtagiriaren Elkarteak, eta ekitaldian aldizkaria aurkezteaz gain, bertaratzen diren guztiei ale bana emango zaie. Aldizkariaz gain, beste opari berezi bat ere jasoko dute Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateek.
Ekitaldira joan nahiko bazenu, jakinarazi mesedez info@baieuskarari.org helbidera e-posta bidaliz, edo 943 592148 telefonora deituz.
Erantzun
Sartu