Sekulako zalaparta sortu du azken egunetan Espainian Interneteko p2p sareen kontra Gobernuak egin nahi izan zuen lege-erreformak. Interneteko burrundara hori, agian sekula baino arinago edo ozenago, zalaparta mediatiko ere bihurtu da, eta ondorioz zalaparta politiko ere bai. Paradigma aldaketa gertatu dela ere uste dute batzuek. Eta kontuak jarraitzen du, gaur bilkurak daude deituta han hemenka, eta Bilbon da bat, Areatzako plazan, Arriagaren aurrean, 20.00etan.
Gainbegirada arin batean:
- Lege ekonomiko berri batean, gehigarri gisa sartu zituzten neurriak, isilpean bezala.
- Neurrien muina da, kultura babesteko aitzakiarekin, webguneak edo webguneetarako sarbidea ixteko aukera ematea Kultura Ministerioak izendatuko lukeen batzorde bati. Justizia administrazioaren parte-hartzerik gabe. Hona David Bravo abokatuaren analisia.
- Blogosfera espainiarrean, horren kontrako mugimendua piztu zen, eta Manifestu bat zabaldu.
- Manifestuaren eta protesten ardatzetako bat da webguneen itxierari buruzko erabakiak epaileen esku egon behar dutela aldarrikatzea.
- Atzo, Kultura ministeriokoak Manifestuaren aldeko batzuekin elkartu ziren ministerioak deitutako bilera batean, baina ez ziren ondoegi konpondu.
- Arratsaldez, Rodriguez Zapatero gobernuburuak esan zuen "ez dela webgunerik itxiko", eta ematen du egitasmoan atzera egingo dutela, eta itxierak batzorde administratiboaren kontua izan barik, epaitegietan erabaki beharko direla.
- Dena den, protestak jarraitzen du, eta gaurko kontzentrazioak deitu dituzte hainbat hiritan. Horietako bat, Bilbon.
- Euskal Herrian badakigu, epaileen esku egon edo ez, webguneak eta hedabideak lasai asko ixten direla. Euskaldunon Egunkariaren kasua argia da.
Auzi honetan Interneten azaldu izan den manifestua, euskaratuta dago jada.