Gaur, euskeraren eguna dela eta, hainbat erakunde euskararen aldeko adierazpenak irakurriko dituzte, hori dela eta Munitibar, Etxebarri eta Mendexako ezker abertzaleko hautetsiek beraien irakurketa azaldu dute. Bertan PNVren jarrera salatzen dute UEMAtik, Udal Euskaldunen Mankomunitea, ateratzeko erabakia kritikatuz.
Euskal Herriaren kontrako erasoaldi estrukturala betidanik egon da abian, esparru guztietatik Euskal Herria zapaltzeko makinaria baitute martxan. Euskara euskaldunon nortasun berezigarririk garrantzitsuenetakoa izanik ez ditugu falta honen kontrako erasoak ere. Eszenatoki honetan ospatuko dugu aurtengo Euskara Eguna ere abenduaren 3an.
Argi dugu euskarak laguntza behar duela aurrera egingo badu. Euskal Herri euskaldunak aldaketa politikoa eta testuinguru osasungarria behar ditu; baina jokaleku horretara joateko, euskararen aldeko ekintzak, ofizialtasun osoa eta eskubideak berreskuratu behar dira, Euskal Herri osoan. Herri honen eskubide iraunkorra eta kendu ezinezkoa baita; eta hori gabe Euskal Herri euskalduna ez baita berrosatuko.
Euskara desagertze bidean egon daitekeela diote batzuk penatuta, Euskara Eguna dela-eta ere aterako dira euskalzalerik euskalzaleena legez, baina zer egiten dute hauek euskararen alde? PNV agintean dagoen Udaletan dugu adibide esanguratsua gure eskualdean, Etxebarrin, Munitibarren eta Mendexan UEMAtik irtetzea erabaki du PNVk eta euskararen alde omen daude! PNV, zer aldatu da 1988an UEMAren sorrera sinatu zenutenetik? Zuen jarduera salatu nahi dugu, zuen ekinbidea salatu nahi dugu, gure herriei euskararen bidean beste urrats bat emateko aukera kendu diezuelako beste behin ere. UEMAren helburua udalek euskara hutsez funtzionatzea da, eta hortik atera dituzue gure udalerriak, ez al duzue nahi gure herrian euskararen biziraupena bermatzerik?
Urte luze hauetan, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako lana nabarmendu nahi dugu. UEMAn dauden herriek dituzte emaitzarik onenak euskararen normalizazioan. Egun EAE-ANVk, EAk, Aralarrek eta kide independente batek osatzen dute UEMAko zuzendaritza. EAJk aurka jotzea erabaki du, garestia dela diote, eta UEMAtik atera ditu zenbait udalerri; horien artean, aurretik aipatu bezala, gure eskualdeko Munitibar, Etxebarri eta Mendexa.
Eskerrak badirela UEMAn sartu diren herri berriak, dagoeneko 61 udalerrik osatzen dute UEMA. UEMAren 21 urteetan, hirukoiztu egin da hasieran euskaraz bizitzeko erabakia hartu zuten udalerrien kopurua eta gogoeta prozesuan sartuta daude etorkizunari aurre egiteko. UEMAk zer izan nahi zuen, zer izan den eta zer izan nahi duen erabakitzeko.
Espainiako Estatuak UEMAko udal ordenantzak baliogabetu zituen, Espainiako Konstituzioaren mugak gainditzen zituela esanda. Kanpoko esku sartze bidegabe horrek udal ordenantzak murriztu ditu; aho batez onartutako udal ordenatzen artikuluak baliogabetu ditu; udalak UEMAn sartzea debekatu du (Ondarru eta Lekeitio); UEMA marko juridiko politikoaren eta menpeko politikaren esparrura mugatuz.
Begi bistakoa da Espainiar Estatuak ez duelako inolako interesik euskararen biziaupenean, ezta PNVk ere, diskurtsoz baietz esaten badu ere ekintzaz ez baitu urratik emateko prestutasunik.
UEMAk aurrera egin behar du, Espainiar Estatuaren eta PNVren oztopo eta traba guztien gainetik. Aurrera egin, euskararen jarduna indartzen udal administrazioan eta udalerriaren bizitza sozial guztian; baina horrekin batera, euskararen testuinguru itogarria aldatzeko eta ingurune osasungarria ezartzeko, jauzi kualitatiboa eman behar du. Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko hizkuntza politika berria aldarrikatu behar du. Lehen urrats bezala, UEMAko herritar euskaldunok euskaraz bizitzeko eskubide pertsonala Euskal Herri osoan aitortua izan dezagun eta erakundeek eskubide hori berma dezaten.
Euskararentzako proposamen demokratikoak, gutxienez, aitortu behar du Euskal Herri osoan, ofizialtasun nahikoa, belaunaldi berri guztiak euskalduntzeko; euskara hutsezko erabilera ziurtatzeko, euskaldunak %70etik gora diren herrietan eta esparru sozialetan; euskal hizkuntz komunitatea berrosatzeko eta normalkuntza progresiboa zabaltzeko ekintzak bermatuz...
Izan ere, gizateria ingeleseko elebakartasunera bideratzen ari da eta euskarak ez du oraindik, Belgikako edo Suitzako hizkuntzen pareko estatusik; Frantziak eta Espainiak euskarari estatu burujabearen tresnak debekatzen dizkiote. Horregatik, UEMAk, aurrera begira, egungo menpeko hizkuntza politiken zikloa itxi eta Euskal Herri euskalduna berrosatzeko ziklo berria ireki behar du, Euskal Herri osoarekin elkar lanean.
Garaia da hizkuntz zapalketaren eta menpeko politiken amarruen aurrean oinarri juridiko unibertsalak aldarrikatzeko. Euskal Herri osoan euskararentzat gaztelaniak eta frantsesak, bakoitzak bere estatuan duten berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera lortzeko, bai eremu juridikoan, bai politikoan baita soziolinguistikoan ere. Hizkuntz askatasunak Euskal Herri euskalduna exijitzen du. Ez da amore emateko ordua euskararen prozesua abiatzekoa baizik. Euskal Festaren garaia da. Guztion partaidetza eta harremanak hobetzeko, kohesio soziala indartzeko, euskaraz bizitzeko eta Euskal Herri euskalduna lortzeko.
Etxebarri, Munitibar eta Mendexako Ezker Abertzalea.
Erantzun
Sartu