Teknologia albisteak

Euskal zuzenbide zibilaren webgunea

Erabiltzailearen aurpegia
forulege
2009-12-08 : 10:12

Zuzenbidearen Euskal Akademiak, azaroaren 30ean, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren ekitaldi-aretoan, Euskal Herriko foru-zuzenbide zibilari buruzko zortzigarren jardunaldi praktikoa burutu zuen. Jardunaldi horren barruan aurkeztu zuen Zuzenbidearen Euskal Akademiak euskal zuzenbide zibilaren webgunea: www.forulege.com

Forulege da Zuzenbidearen Euskal Akademiak euskal zuzenbide zibilari buruz garatu duen datu-basea. Izatez, lehenengo ahalegina da, euskal zuzenbide zibilaren oinarrizko kontzeptuak plazaratzeko, informazioaren teknologia berriak baliatuta.

Forulege izeneko datu-baseak erabiltzailearen esku jartzen ditu euskal zuzenbide zibilaren arloan indarrean dagoen legeria, arlo zehatz horren inguruko jurisprudentzia, kasuan kasuko bibliografia eta eremu horretan erabilgarri gerta daitezkeen formularioak eta mapak. Datu-baseak, orobat, galdera eta erantzunen atala (FAQ) eskaintzen dio erabiltzaileari. Bukatzeko, atal desberdinetara bildutako informazio guztia batera kontsulta daiteke, eta, horretarako, bilaketa-sistema desberdinak erabil daitezke: aurrenik, bilaketa-sistema librea balia daiteke; hurrenik, bilaketa-sistema azkarra aukera daiteke, aldez aurretik zehaztutako sarrerak bistaratuta; eta, azkenik, bilaketa gidatua erabil daiteke, horrek kontuan hartzen baititu, dela euskal zuzenbide zibilaren lurraldetasuna, dela zuzenbide horren agerpen zibilak nahiz fiskalak.

Forulege, bestalde, datu-base elebiduna da. Egia esan, hasierako une honetan, material guztiak gaztelaniaz daude, eta euskarazkoak, hainbat badira ere, oraindik osatze-bidean daude. Ikuspuntu horretatik, webgune honek laguntzaile izan nahi du euskararen normalizazio-bidean, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen foru-zuzenbide zibilei dagokienez.

Erantzun

Sartu