Teknologia albisteak
1

Hernaniko Udalak bere egingo du ekipamenduen inguruko herri galdeketako emaitza

Erabiltzailearen aurpegia
Hernaniko Udala
2009-12-02 : 09:12

“% 20ko parte-hartzea gainditu ez den arren, Udal Gobernu honek bere egingo du emaitza bere osotasunean”, hala adierazi du Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiak prentsaurrekoan. Hernaniko Udalak lehenetsi beharreko ekipamendua zein den erabakitzeko herri galdeketa Kultur Guneak irabazi du 1.459 botorekin; bigarren Gudarien eta Tilosen plaza eraberritzeko aukera geratu da 538 botorekin; azkenik, Igerilekuak 290 boto jaso ditu. Boto zuriak orotara 9 izan dira, eta baliogabeak 12.

Hori hala, Udal Taldeak agintaldi honetan nahiz datozenetan ekipamendu kulturala gauzatzea izango du helburu nagusi. Lehenetsitako ekipamendua behin gauzatuta, Plaza eta Tiloak berritzea izango dute helburu; eta azkenik, igerilekua. Herri kontsultaren emaitza, lehenetsi den ordenean, Udal Gobernuaren iparra izango da hurrengo urteetan: “Udal ekipamenduen gaiari dagokionez, egun dagoen herri borondatearen adierazpen demokratikoena herri kontsulta honen emaitza da. Hori dela-eta, adierazpen demokratiko zabalagoa islatzen ez den bitartean, gure erabakiak kontsulta honen emaitzara lotuko ditugu”, azaldu du Beitialarrangoitiak.

Juan Ignacio Arrieta parte-hartze zinegotziak argudiatu duenez, emaitzei erreparatuz gero, herritarrek ekipamendu kulturalaren aldeko hautu garbia egin dute, 2. aukera ia hirukoiztuz: “Ez da zilegitasun demokratiko urriko emaitza ekipamendu kulturalak lortu duena bere 1.459 botoekin; izan ere, konparazioa eginaz, Udal honetako oposizio talde bozkatuenak baino bozka gehiago lortu ditu”.

Horren guztiaren ondorioz, 2010. urtean ekipamendu kulturalaren oinarrizko proiektuaren lanketarekin hasiko da Udala. Beitialarrangoitiak azaldu bezala, 2010. urtean oinarrizko proiektu honen gauzapenerako beharrezkoa izango den diru poltsa gorde beharko da Udal aurrekontuetan. Proiektu horren lanketa gainera, interesa duten eragile kulturalen parte-hartzearekin egingo da: “Parte-hartzea ez da herri kontsultarekin amaitu, proiektua aurrera eramateko hurrengo urratsetan ere, parte-hartzean oinarrituko gara”.

Guztira 2.308 lagunek eman dute botoa galdeketan, Hernanin erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztietatik % 14,09k. Udalak “positibotzat” jotzen du 2.308 herritarrek euren hautua egin izana. Arrietaren hitzetan, Hernanin 30 urtetan egin den lehenbiziko kontsultan parte hartu duten hernaniarren kopurua “tamainakoa” da: “kontuan izan behar da ez gaudela ohiko hauteskunde batzuen aurrean non jarraipen mediatiko zabalak ere ez duen lortzen abstentzio maila handia ekiditea. Horri gehitu behar zaio kontsultarako gaia polemikoa ez izatea, eta Hernani elkarlanean eraikitzera zuzendutakoa izatea”.

Kontsultak sortu duen herri dinamika ere baloratu nahi izan du Arrietak. Haren esanetan, nabarmena izan baita kontsultak herri elkarrizketa eta eztabaida eraikitzailea piztu duela kalean, etxean, koadrilan edota tabernan: “Herri kezkek, esperantzek eta ilusioek beren habia bilatu dute herri kontsultaren altzoan”.

Amaitzeko, Beitialarrangoitiak eskerrak eman dizkie herri kontsultan parte hartu duten hernaniar guztiei: “Desio dugun etorkizuneko Hernani horren eraikuntzan denok dugula lekua aipatu izan dugu. Izan eta gauzatu daitekeen Hernani horrek, herritar sentiberak, irribarretsuak eta kezkatuak behar ditu. Gaur atzo bezala, Hernanik badu altxor kuttun bat: hernaniarrak”.

Erantzunak

Inaki Irazabalbeitia
2009-12-02 : 12:58

Hernaniko udala zoriondu nahi dut herritarrei iritzia eskatu eta haien erantzuna bere egiteagatik. Herritarrei iritzia eskatzea ariketa demokratiko oso osasuntsua da, gure arteko administrazioak oso gogoko ez duen.

Erantzun

Sartu