Teknologia albisteak

Durangoko Azokaren 44. ekitaldia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-11-25 : 14:11

Durangoko Azoka hurbildu ahala, zenbait nobedade gehitu dituzte webgunean: 2009ko nobedadeen katalogoa, egutegia, sare sozialen atal bat... eta telebista-iragarkia ere prest dago, azokagunetik kanpo ere azokarik badela azpimarratuz.

Durangoko Azokak 44. ekitaldia izango du aurtengoa. Gerediaga elkarteak jakinarazi zuenez, aurtengo edizioko gonbidatu nagusia katalanez egindako kultura izango da. Hori dela eta, Institut Ramon Llull-ekin elkarlanean, azoka egunetan hainbat ekintza kultural izango dira Durangon (hitzaldiak, antzerkiak, erakusketak...). Josep Bargallóri, Ramon Llull Institutuko zuzendariari, egindako elkarrizketa ikusi daiteke EITBren bideo honetan.

Gerediaga elkartea jo-ta-sua dabil azken orduko kontuak ixten eta webgunean ere badago azken orduko informazioa. Besteak beste, 2009ko katalogoa sareratu dute azken egunotan eta aurtengo ekitaldiaren egutegia ere aurkeztu dute.

Sare sozialen indarra

Gerediaga Elkartetik jakinarazi digutenez, aurtengo ekitaldian sare-sozialen inguruan ere indar berezia jarriko dute.

Azken asteotan Twitter eta Facebook kontuak erabiltzen hasi dira eta Flickr kontua ere bidelagun izango da aurtengo azokan.

Gainera, webgunean bertan ere Sare sozialen inguruko atala ere badago, aurrekoaren lekuko.

Azokaren inguruko mezuak bideratzeko hashtag bat ere proposatu dute: #azoka09.

Erantzun

Sartu