Abokatu bat bota dute Audiencia Nacionaleko epai-aretotik buruan zapia eramateagaitik. Hona albistearen kontakizun bat.
Zoubida Barik Edidi abokatua (Islam Gurea blogetik hartua)
Ikusi ditut abokatuak epai-aretoetan galtza motzetan, belaunetarainokoak, izterrerainokoak. Ikusi ditut abokatuak urrezko eskuturreko potoloak astinduz berbetan epaiketetan. Ikusi ditut abokatuak titien kanala nabarmen bistan togaren azpitik. Ikusi ditut abokatuak behatzak erakusten, sandaliekin, epai-aretoko estraduen azpitik.
Ikusi ditut abokatuak poltsikoan mahaspasa bat eginda zeuden gorbata zimurtuak janzten epai-aretoko atarian. Ikusi ditut abokatuak gorbataren erdi-erdian koipe orban handi bat zeukatenak. Baita ere gorbataren orratza buruz bera zeukatenak edo gorbataren korapiloa alkandoraren bigarren botoiaren parean zeukatenak. Ikusi ditut abokatuak pintatu-pintatuak, hatzamarra arpegian pausatuz gero zentimetro bat murgilduta geratzeko moduan.
Ikusi ditut Gabonetako zuhaitzaren apaingarrien pareko belarritakoak zeramazkiten abokatuak. Ikusi ditut ilea koipean itota zeramaten gominadun abokatuak, eta baita ere zahia elurraren pare zeukatenak buruan eta txaketaren sorbaldan.
Usaindu behar izan dut izerdi kiratsa abokatuek erabilitako togetan epai-aretotik irtendakoan. Usandu behar izan dut abokaturen baten izerdi toga jantzi aurretik goizeko lehen orduan. Usaindu ditut baita ere lurrin sakon zorabiakorrak togetan itsatsita. Epai-aretoko estraduetan, abokatuak baino erabiltzen ez dituzten estraduetan, itsatsita, ahoan mila aldiz murtxikatutako txikleak jasan behar izan ditut. Ezagutzen ditut epai-aretoko atean galtzerdiak elkartrukatu zituzten abokatuak.
Sekula ez dut ikusi itxurarengatik epai-aretotik botatako abokaturik. Jakin dudan lehena, buruan zapia daraman emakume musulmana.
Eskerrik asko Elena gaia hona ekartzeagatik eta jantzkeraren ikuspuntutik abokatuen estiloaz aritzeagatik. Zuk kontatutakoarekin bistan da legeak ez dira epaitegietan eguneratu behar diren gauza bakarrak, arauak, toga bera, epaileen jarrera feudala etabar luze batek osatzen du zerrenda madarikatua.
Bainan Zoubidaren arazoa ez da hori bakarrik, baizik eta arauak erabili dituela Bermudez jauanak musulmanen kontra jotzeko. Eta zergatik diodan musulmanen kontra? Moja kristauek ez dutelako arazo hau inoiz izanen.
Emakumeen eta orohar pertsonen eskubideetaz ari garenean, potere matxistak ez du inoiz zuzen eta argi esaten zer pentsatzen duen. Kontra egiteko argudio juridiko eta ez moralak bilatzen ditu. Abortua, transexualak, eutanasia eta horrelako gai korapilatsuetan ez dute kontra daudela esaten, baizik eta "orain ez dela momentua hortaz hitz egiteko", "hau ez dela tokia hori arautzeko", etabar.
Emakume musulmanen zapia zergatik eramaten duten galdetuta zera erantzuten dute: fedea, estiloa, talde bati atxikimendua, identitatea. Ez dute esaten zapia gizonen menpe egotearen aldeko adierazlea denik, guztiz kontrakoa. Ados egon ala ez baraiek esan behar dute zer nahi duten.
Zoubidari nere elkartasun zintzoena, borroka luzea bezain latza hasi duelako