Teknologia albisteak

Abiatzear da “Kuadrillaz kuadrilla euskaraz” ekimena Araban

Erabiltzailearen aurpegia
Ziurtagiriaren Elkartea
2009-11-15 : 09:11

Arabako kuadrilla guztietara euskararen erabilera sozialaren aldeko mezua zabaltzeko “Kuadrillaz Kuadrilla euskaraz” ekimena jarriko du martxan Ziurtagiriaren Elkarteak Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Programa aurrera eramateko kuadrilletako euskara teknikariekin eta zenbait enpresarekin elkarlanean ariko da Ziurtagiriaren Elkartea. Izan ere, helburu nagusia Arabako arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragitea da. Azken batean, hizkuntzaren normalizazioan eragin nahi da modu erakargarri eta parte-hartzailean.

Azaroaren 18an emango zaio hasiera programari Zuiako kuadrillan egingo den saioan. Kuadrilla guztietan egitaraua antzekoa izango da, baina entitateak eta euskara teknikariak aldatu egingo dira. Izan ere, tokian tokiko errealitateari eman nahi zaio garrantzia eta tokian tokiko testigantzak jaso nahi dira.

Saio guztiak antzerkiarekin hasiko dira. Araban, bertako kuadrilletan eta haietako arlo sozio-ekonomikoan euskararen egoera zein den adierazteko umorez bustitako antzerki lana prestatu du Ortzai taldeak.

Antzerkiaren ondotik, kuadrilla bakoitzean euskararen egoera nolakoa den erakusten duten datuak aurkeztuko dituzte tokian tokiko euskara teknikariek.

Ondoren, leku bakoitzeko pare bat enpresek euskara euren organizazioetan txertatzeak enpresarentzat nahiz gizarte osoarentzat zein onura dakartzan azalduko dute.

Azkenik, Ziurtagiriaren Elkarteak euskararen egoera oro har nolakoa den eta arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez nolako lana egiten duen esplikatuko du.

Hizlariek amaitu ostean, bertaratutako guztiek hartu ahalko dute parte mahai-inguruan. Saioa amaitzeko, pare bat minutuko azken erreseña egingo dute antzezleek. Horrezaz aparte, saioetara gerturatzen diren guztiek ideien lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.

Proiektua pilotua denez, Arabako lau kuadrillatan egingo dira aurtengo saioak. Irekiak eta doakoak dira saioak.

Hona hemen saioen egutegia:

  • Azaroak 18: ZUIAKO KUADRILLA (Zigoitiko zentro soziokulturala – Ondategi)
  • Azaroak 19: AIARAKO KUADRILLA (Laudiko Lanbide Heziketako zentroa)
  • Azaroak 26: AGURAINGO KUADRILLA (Asparrengo Udaletxea – Araia)
  • Abenduak 1: ARABAR ERRIOXAKO KUADRILLA

"Kuadrillaz kuadrilla euskaraz" ekimenaren amaierako saioa Gasteizko Artiumen egingo da Bai Euskarari Ziurtagiriaren urteroko ekitaldi nagusiaren barruan, abenduaren 14an.

Erantzun

Sartu