Teknologia albisteak

XVII. mendeko euskarazko kopla batzuk aurkitu dituzte Eibarren

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-11-19 : 11:11

Joan zen astean inauguratu zen Eibarko Udal Artxibo berria. Egoitza berriarekin batera, hainbat urtez Bergaran gordeta izan diren milaka agiri ere itzuli dira Eibarrera. Eta agiri horien artean, 1668 eta 1721 urteetan idatzitako euskarazko kopla bi ere agertu dira. Egoibarra.com webgunean argitaratu dituzte irudiak eta transkripzioak.

Azaroaren 3an iritsi ziren Bergaratik Eibarko Udal Artxibora 1537. urtetik 1866. urtera bitarteko dokumentuekin betetako 158 kaxa. Kaxa horietan 3477 auzi inguru daude, Eibarko Eskribautzari dagozkionak: batik bat auzi zibilak, exekuzio-auziak eta auzi kriminalak dira hor dauden agiriak. Dokumentuak Bergaran egon dira gordeta XX. mende hasieratik.

Dokumentuen artean, gainera, euskarazko agiri bi ere aurkitu dituzte, 1668eko eta 1721eko kopla zahar batzuk. Lehenengoa, Antonia Zabala andreak herriko neska batzuen kontra idatzitakoa da. Bestea, Angela eta Ana Maria Armona ama-alabek Agustin Ezenarro botikarioaren aurka idatzitakoa da, "dama ederren alderik" ibiltzen zelako, ezkonduak zein ezkongabeak. Koplaren arabera, Lekeition ere arazoak izan zituen lehenago eta handik bota egin zuten; Eibarren ere antzera omen zebilen, Arragueta kaleko neskak beldurtuz.

Ezenarroren izena ez da azaltzen kopletan ("Trupin" deitzen diote), baina herrian bolo-bolo zabaldu omen ziren koplak eta Ezenarro botikarioak emakumeen aurkako kereila sartu zuen. Horrela iritsi dira geuregana, auzi horren dokumentazioaren barruan. Izan ere, gaur egun ezagutzen ditugun hainbat kopla zahar, auzietako agiriekin batera heldu zaizkigu (besteak beste, Eibarko beste kopla zahar hauek).

1668ko agiria ez da oraindik transkribatu, baina hona hemen 1721. urteko koplen transkripzio paleografikoa (Yolanda Ruiz Eibarko udal artxibozainak eginda):

Guitarriata biolinchua
Ederra jacus etorri
.........................
Ederra jacus etorri
Jaungoycuac baixe estaqui
.........................
Arrabaleco dama ederroc
Es arren urten echeric
..........................
Trupin jauna orra nundatorren
Dama ederren ondoriq
...........................
Guitarriata biolinchua
Achaquiazat arturiq
...........................
Caballeriata perruqueria
encaxe puntas beteriq
...........................
Tauaquerabi ordabilza
Sorabedarrez beteriq
............................
Seyn ezconduba seyn esconsaquia
Estau iminten dudariq //

Orregayterren ateraeben
Leen bere lecaytioriq
.............................
Arraguetaco jendeaq
Leenago dauco jaquiniq
.............................
Trupin jaunorreq
Sorziraq Jolta utenzedan echeriq
..................................
Urtezedan echeriq
Dama ederren alderiq

Jatorrizko artikulua eta zenbait irudi Egoibarra.com webgunean.

Erantzun

Sartu