Teknologia albisteak
1

Kafea eta Galletak, 2. denboraldia larunbat honetatik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia
Kafea eta Galletak
2009-11-05 : 09:11

Larunbatean, azaroaren 7an, Kafea eta galletak ekimenaren bigarren urteari ekingo diogu, Maria del Mar Boneten Alenar diskoaren entzunaldiarekin eta Amaia Zubiriaren kontzertuarekin, bera izan baita diskoa aukeratu duena. Aurreko urtean bezala, aurten ere Gernikako gaztetxean egingo ditugu saioak, arratsaldeko 6etatik aurrera, ia beti hilabeteko lehen larunbatean.

Hilean behin musika konpartitzeko espazio izateko sortu genuen Kafea eta galletak duela urtebete. Lagunartean egiten dena, gustuko dugun hori, kasu honetan diskoa, ondokoari entzutera ematea, lagun gehiagorekin egitea zen asmoa. Musika entzuteko gune lasai bat sortzea, gaur egungo espektakularizaziotik urrun. Diskoei buruz lagunarte txikian egiten genituen komentarioak zabaltzeko. Ezagutzen ez genituen diskoak elkarri erakusteko, kafea eta galletak hartzen genituen bitartean.

Azaroaren 11n egin genuen lehen saioa, eta Xabier Montoia gonbidatu genuen entzunaldiaren ostean kontzertua ematera. Formatua gustatu zitzaigun, eta erabaki genuen ordutik aurrera horixe izango zela Kafea eta galletak: disko bat elkarrekin entzutea, hari buruz hitz egitea eta, horren ostean, kontzertua gozatzea (edo ez, jakina). Argi ikusten genuen kontzertua ezin zela izan betegarri hutsa Kafea eta galletaken, ekimenaren asmo nagusiarekin, diskoaren entzunaldiarekin, lotura izan behar zuela, eta, horregatik, bigarren saiotik aurrera, kontzertua emango duen taldea da entzungo dugun diskoa aukeratzen duena. Kontzertuak gehitu genituen arren, asmo nagusiak eta ekimenaren funtsak bere horretan jarraitzen zuen: diskoak elkarrekin entzutea, diskoak konpartitzea.

Eta halaxe entzun genituen iaz Mannet, Giorgio Bassmatti, Balerdi Erdi, Amodio, Elurretan, Mati eta Bizarrak aukeratutako diskoak. Eta halaxe entzun genituen haien zuzenekoak ere.

Aurten ere bide berari eutsiko diogu. Datorren azaroaren 7an egingo dugu lehen saioa, eta ordutik aurrera hilean behin itzuliko gara saio berri batekin.

Hauxe da urtea bukatu artean prestatu dugun egitaraua:

-Azaroaren 7an (larunbata) Amaia Zubiria izango da diskoa aukeratu eta kontzertua emango duena. Hain zuzen ere, Maria del Mar Bonet kantari mallorcarraren Alenar diskoa entzungo dugu.

Amaia Zubiria Haizea taldean hasi zen 70eko hamarkadan, eta ordutik Pascal Gaignerekin, Txomin Artolarekin nahiz bakarka argitaratu izan ditu diskoak. Iaz argitaratu zuen azkena, Nabil izenekoa, eta bertan kanta tradizionalak berreskuratu ditu.

Maria del Mar Bonet, berriz, Mallorcako bakarlaria da. Nova Cançó mugimenduko kide izan zen, eta 1969an argitaratu zuen aurreneko diskoa. Alenar 1977an grabatu zuen, eta katalanez abestutako disko onenen artean sailkatu izan dute.

-Abenduaren 12an (larunbata) Akauzazte Danok izango dugu gurean. Swans taldearen Cop diskoa aukeratu dute entzunaldirako.

Akauzazte (orain Akauzazte Danok) 1992an sortu zuen Azkoitiko Matadeixen biltzen zen lagun talde batek. Ordutik hainbat disko plazaratu dituzte, eta laster argitaratuko dute hurrengoa, Akauzazte Danok izenekoa. Primitibotasuna eta abangoardia, sonoritate industrialak, euskal folkloreko zein Asia eta Afrikako musika tradizionala, etab. biltzen dituzte haien musikan.

Swans taldea, berriz, Estatu Batuetako talde iluna izan zen, 1982 eta 1997 bitartekoa. Haien musikak sonoritate ezberdinak izan zituen garaiaren arabera. Entzungo duguna bigarren diskoa izango da, Swansen garairik bortitzeneko diskoa, hain zuzen.

-Abenduaren 19an (larunbata) Gabonetako saio berezia egingo dugu. Hasteko, Phil Spector ekoizleak paratutako A Christmas Gift for You from Phil Spector entzungo dugu eta, horren ondoren, Santiago Delgado & the Runaway Lovers taldeak Gabon-kontzertua eskainiko digu.

Santiago Delgado & the Runaway Lovers Bilboko taldea da. Jonathan Richman eta Ramonesen arteko nahasketa akustikoa egiten dute. EP hau izan zen haien azken argitalpena: Santiago Delgado & The Runaway Lovers cantan el rock en la cara del DJ.

Phil Spector, berriz, garai bateko musika ekoizlerik handienetakoa izan zen, soinu bereizgarria garatu zuena. Besteak beste, The Ronettes, The Crystals, The Beatles eta Leonard Cohen ekoitzi zituen. Guk entzungo duguna Gabonetarako atondu zuen bilduma da, bere soinua ezin hobeto jasotzen duena. The Ronettes, The Crystals, Darlene Love eta Bob B. Soxx & the Blue Jeans taldeen kantak jasotzen ditu.Askoren ustez, inoiz egin den Gabonetako diskorik onena da.

Erantzunak

bassmatti
2009-11-05 : 15:50

Erantzun

Sartu