Etxe Zuriaren webgunea, whitehouse.gov, Drupal CMS librera igaro da. CMS edo Content Management System bat webgune handi bat kudeatzeko sistema bat da, eta esparru honetan ere software libreko alternatiba sendoak egon badaude. AEBetako gobernuaren urrats honek sendotasun hori berriz frogatzen du.
Etxe Zuriaren webgunearen eraldakuntza artikulu honetan deskribatzen da. Bush administrazioan, kontratu batekin lan egiten zuen webgunean GDIT izeneko enpresa batek, eta CMS propietario bat erabiltzen zuten. Kontratu hura ez da eten, baina GDIT-ek enkargua jaso du Obama administrazioarekin sistema libre batera trantsizioa egiteko. Aukeratutako sistema Drupal izan da, eta eraldaketa eta garapen berrietan GDIT software librean berezitutako beste bi enpresen laguntza izan da, Acquia, zeinean lan egiten duen Drupalen sortzaile Dries Buytaert-ek, eta baita Phase2, Washington DC-tik gertu dagoen Drupalen berezitutako enpresa bat.
Euskal Herrian, administrazioaren webgune inportanteenak ez dabiltza software librearekin. Eusko Jaurlaritzaren erreferentziazko CMS ofiziala Interwoven da, lizentzia garestiko sistema bat. Ez bakarrik Euskadi.net, EHUren webgune nagusia ere Interwoven bilakatu da. Hala ere, Jaurlaritzak iragarritako garapen berri batzuetan, hala nola Irekia proiektuan, azpiegitura librea egongo omen da. Beste erakunde batzuetan, berriz, software libreari ateak ixten jarraitzen dute: aurtengo udan kaleratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa.net berregiteko kontratua eta, konkurrentziari aukerarik eman gabe, IBMren software lizentzia jakin batzuekin egin beharreko lan gisa definitu zuten lana.
CMS libreen artean Drupal entzutetsuenetakoa da. Beste sistema handi batzuk Plone edo Liferay dira. Drupal euskaratzeko ekimen bat badago sarean, baina ez dirudi eduki edo mugimendu askorik izan duenik (webgune horrek bederen).
Erantzun
Sartu