Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak atseden-astea duela aprobetxatuz, Algortako Bertsolari Eskolak dezima (Iberoamerikako inprobisazioaren estrofa nagusia) gertutik ezagutzeko ikastaroa antolatu du bere egoitzan urriaren 27ko iluntzerako. Azalpenak Wilson Saliwonczyk payadore argentinarrak emango ditu, gaztelaniaz.
Ikastaroa urriaren 27an izango da, hurrengo asteartean, 20:00etan. Ez da lehen aldia Wilson Saliwonczyk Getxon dugula, 2007ko ekainean saio bizia eskaini baitzuen Paya anaiekin batera Pipers tabernan. Goian itsatsitako bideoan, zatitxo bat.
2008an, Payatarrek, Maialen Lujanbiorekin batera eta Saliwonczyken gidaritzapean, bertso-bira ikusgarria egin zuten Uruguay, Brasil eta Argentinan barna. Wilson Saliwonczyk eskarmentu handiko payadore argentinarra da. Buenos Aireseko 9 de Julio hiriko inprobisatzaileak munduko hainbat bazter bisitatu ditu bere gitarrarekin: Alemania, Bolivia, Ingalaterra, Frantzia, Peru, Suitza
Ikastaroaren edukiak
Dezima Iberoamerikako inprobisazioaren tradizio gehienetan errotu den estrofa da. Ikastaroan, bere egitura dinamikoa aztertzeaz gain, dezimaren eta oro har inprobisazioaren zoko esanguratsuenak azalduko ditu Saliwonczykek. Aztergai nagusiak zazpi izango dira:
1) Dezima zerotik hasita: estrofaren eskema eta sorkuntza-teknikak.
2) Dezimaren barne azterketa: estrofen barneko antolaketa eta funtzionamendua.
3) Errima: pizgarri bihurtutako traba.
4) Aldez aurreko estrategia eskematikoak: oroimen librea eta oroimen lotua.
5) Inspirazioaren motorrak: piztu ezin direnak eta itzali ezin direnak.
6) Inprobisazioa, etenik gabeko lapsusa: bururatzen zaidan lehen gauza vs autozentsura etengabea.
7) Gogoa, beldurra, norberaren segurtasuna, lan ideologikoa.
Ikastaroa doakoa izango da.
Erantzun
Sartu