Sustatu logoa Teknologia albisteak

Tintinen abenturak Donostian

Sustatu
2009-10-20 13:10

Artista anonimo batek Tintin en Donostia irudi sorta egin du. Flickr-en daude Tintinen portada apokrifoak eta Donostiako taberna batean ere bai erakusgarri.


Baimenarekin, © Tintin en Donostia

Egilea Donostiako diseinatzaile grafikoa da, eta agentzia batean ari da lanean. Hala ere, nahiago du anonimo jarraitu, ez baitago oso seguru zer gertatu daitekeen Hergé marrazkilariaren oinordekoek egile eskubideen kontua aurpegiratuko baliote. Eskuz egindako marrazkiak dira, eta une honetan Iratxo tabernan kopiak daude erakusketa batean.

Irudietako batzuetan, Tintinen abenturetako benetako azalak berregin ditu, Santa Klara uharteko misterioak erreferentzia argia egiten dio beste honi.

Egileak beste erakusketa batzuk egiteko asmoa du beste taberna batzuetan, eta sortan ale berriak izango dira gainera: Tintin Santo Tomasetan, Tintin eta Olentzero... Datorren urtean, agian kamisetak ere bai.

Marrazki gehiago egiteko, egileak jakinarazi dio Sustaturi izenburu eta kokapenen proposamenak jasotzeko prest dagoela.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu