Teknologia albisteak

3D eraikinak doan Googlerentzat Building Maker tresnarekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-10-14 : 14:10

Tresna berria prestatu du Googlek: Building Maker eraikin sortzailea. Zenbait hiritako hegaldi-irudietan oinarrituta, tresna erraz batekin irudi horri hiru dimentsio emateko aukera uzten dizu. Beste modu batean esanda, doan egin dezakezu lana Googleren Google Earth mundu birtuala eraikinez betetzen laguntzeko.

Bideoan ikus dezakezuen bezala, tresnaren gaitasuna sekulakoa da. Oraingoz, Windows sistemarekin erabili daiteke, Firefox bidez, Google Earth plugin-a instalatua baldin badaukazu.

Sustatuk probatu du Veneziako etxe bat hiru dimentsiotan jartzen eta bai, erraza da erabiltzen. Irudiaren gainean horrelako tresna batez ematen zaio dimentsioa:

3D garatzeko tresnak

Enpresa pribatuek dirutza utzi izan dute zerutik zein kaletik argazkiak ateratzen eta edifizioak eskaneatzen 3D informazioa lortzeko eta bertan irudiak aplikatzeko. Googlek gastu horiek murrizten ditu lan hori erabiltzaileen esku utzita.

Beste alde batetik, erabiltzaile arruntak gogoko du bere herri edo ingurunea Google Earth-en detaile zehatzenarekin ikustea, eta inongo administraziok edo enpresak lan hori hartzeko zain egon gabe, norberak eraikitzeari ekin diezaioke.

Orain arte ere, neurri handi batean Sketchup izeneko 3D modelogintzako tresna promozionatuz lortu du Googlek 3D biltegi handi bat sortzea. Sketchup diseinu programa konpleto bat da, eta eraikin benetan aurreratuak sortu daitezke harekin. Building Maker askoz sinpleagoa da Sketchup baino, baina dudarik gabe erabiltzaile gehiagorengana iritsiko da, eta Googleren 3D katalogoa izugarri hazi daitekeela pentsa daiteke.

Sketchup enpresa pribatua zen garai batean. Googlek erosi egin zuen, eta Google Earth-eko zerbitzuekin integratu zuen gero.

Txoribista irudiak

Hori bai, eraikitzeko gaitasuna hiri sorta batera mugatzen da oraingoz. Building Maker-en oinarri txoribista erako hegaldi-irudiak dira, lau norabide kardinaletan ateratako irudi geokokatuak. Orain arte Googlek ez du horrelakorik erakutsi Google Maps-en, eta tresna honekin batera sorta batzuk erosi dituztela ematen du. Hemendik hurbilenak, Madril, Bartzelona, Valentzia, Lyon eta Marseilla.

Euskal Herrian badaude txoribista ikuspegiak, B5M Gipuzkoako mapetan adibidez, edo Microsoften Bing mapetan Iruñea, Hendaia eta beste toki batzuetan. Irudi horien eskubideak eskuratuko balitu Googlek, hemen ere Building Maker erabiltzeko modua egongo zen.

Erantzun

Sartu