Teknologia albisteak
2

Web-gune, atal eta dekoratu berrituarekin dator "Teknopolis" saioa denboraldi berrian

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2009-10-13 : 19:10

"Teknopolis" saioak hainbat aldaketa egin ditu denboraldi berriari begira. Atal berriak estreinatuko ditu, Vlog, Climate Trackers eta Flash izeneko atal berriak hain zuzen. Web-gunean ere (teknopolis.elhuyar.org) hainbat moldapen egin dira, eta sareak eskaintzen dituen 2.0 tresnak gehitu zaizkio web-guneari: erabiltzaileak "Teknopolis"eko erreportajeak jeitsi eta blogetan txertatzeko aukera izango du, hala nola, bideoak sare sozialetan partekatzeko aukera eta gainera, erreportaje bakoitzean iruzkinak egin ahal izango dira. Elhuyar Fundazioak Euskal Telebistarentzat egiten duen zientzia eta teknologia saioak asteazkenean abiatuko du denboraldi berria ETB-3n.

Programaren ikusleen iritzia jaso eta erantzun nahi da iruzkinen bidez. Hala ere, erreportajeak jarraituko dute "Teknopolis" saioaren eduki nagusia izaten. Euskal Herrian nahiz hemendik kanpo egiten diren ikerketa zientifiko eta teknologikoetan begia jarriz jarraituko du "Teknopolis"eko lantaldeak gaiak sakon aztertzeko. Hori guztia dekoratu berri bat estreinatuz egingo du "Teknopolis"ek, asteazken honetatik aurrera ETBn.

Denboraldi berriaren aurkezpena astearte honetan, urriaren 13an, egin da Elhuyarren egoitzan, Usurbilen, eta bertan Miguel Angel Idigoras Euskal Telebistako zuzendariak, Itziar Nogeras Elhuyarreko zuzendariak eta Maider Egües "Teknopolis"eko zuzendari eta aurkezleak hartu dute parte. Saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak ere egon dira. Honako babesleen laguntza du saioak: Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.

Vlog izango da "Teknopolis"ek estreinatuko duen atal berrietako bat. Hamabostean behin emango den bi minutuko tartea da. Haritz Rodriguez kazetariaren eskutik gadget teknologikoei buruz hitz egingo dute eta Interneteko azken joeren berri emango da. Kalean grabatuko da, gertutasuna bilatuko du eta praktikoa izatea du xede.

Climate Trackers tarteak, berriz, klima aldaketaren ondorioei erreparatuko dio. Europar Batasunak babestutako serie bat da eta klima aldaketak mundu osoko faunan duen eragina aztertzen du. Atal bakoitzak animalia bat izango du protagonista.

Horrez gain, Flash izeneko sail berria izango da ikusgai. Argazki bati ematen zaio tartea. Argazki ikusgarri eta kuriosoak harrapatzen ditu, Elhuyar aldizkariko flash atala du oinarri. Honi lotuta, sariketa bat jarriko da abian eta hilean behin ordenagailu ultraeramangarri bat banatuko da.

Aste honetako gaiak

Erne: birusak! erreportajearekin zabalduko dute denboraldi honetako lehen saioa. Azkenaldian birus desberdinen inguruan alerta egoera asko sortu dira: hegazti gripearen birusa, A gripearen birusa, SARS koronabirusa.... Donostia ospitaleko mikrobiologia laborategia Euskal Autonomia Erkidegoko gripearen erreferentziako laborategia da eta bertan izan dira, baita Basurtuko ospitalean ere: patogeno bereziak kalitate-kontrolarekin aztertzeko Europako Batasunean dauden erreferentziazko laborategietako bat dago Basurtuko ospitalean. Hainbat gaixoren testigantzak ere jaso dituzte erreportajean.

Erreportajearen gaiari lotuta eta birusen aurkako txertoez hitz egiteko, platoan Miren Basaras EHUko mikrobiologia irakaslea elkarrizketatuko du Maider Egüesek.

Vlog atalean Haritz Rodriguez kazetariak "2.0" kontzeptua azalduko du Zarauzko azokatik.

Pilula tartean sexu-identitateaz arituko dira. Munduko Atletismo Txapelketan 800 metroko errekorra hautsi ostean, Caster Semenya kirolariaren sexu-identitatea azterbidean dago. Zergatik jartzen da zalantzan haren sexu-identitatea? Zer gertatzen da korrikalariaren kromosometan? Hori guztia argitzen saiatu dira.

Climate Trackers sailak azeri artikoa behatuko du. Artikoan eta tundran tenperatura igotzearen ondorioz, azeri artikoa baino handiagoa den azeri gorria iparralderantz mugitzen hasi da eta pixkanaka, haren gordelekuak okupatzen ari da. Elikagai berdinengatik borrokatzeaz gainera, azeri artikoaren kumeak harrapatzen ditu. Gupidarik gabeko konpetentzia hori dela eta, azeri artikoa desagertzen ari da azeri arruntak hartutako lurralde artikoetatik. Horrez gain, Flash argazkian Yellowstoneko parkea erakutsiko dute.

Hogeita hamasei atal izango ditu denboraldi berriak. Lehen emanaldia asteazkenero ETB-3n izango da ordutegi nagusian 21:30ean eta igandeetan ETB-1 eta ETB-2n izango da ikusgai, gaztelaniaz igandeetan 10:30etan eta euskaraz 20:00etan.

Erantzunak

Elhuyar Fundazioa
2009-10-15 : 00:04

Elhuyarrek ekoizten duen Teknopolis telebista-saioak zientzia-dibulgazioaren Europako telebista-programa onenaren saria jaso du gaur. European Science Foundationek antolatu du sariketa eta gaur izan da sari-banaketa Hannoverren (Alemania). Saria Maider Egüések Teknopolisen zuzendari eta aurkezleak, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak eta Beñar Kortabarria Teknopolis saioko erredaktoreak jaso dute.


Elhuyar Fundazioak ekoizten duen Teknopolis saioak zientzia-dibulgazioaren Europako telebista-programa onenaren saria jaso du gaur, European Science Foundationek (www.esf.org) antolatu duen European Media Awards 2009 sariketaren barruan. Zehazki, Teknopolisi egokitu zaion saria Jonhson & Jonhson popular science TV Award saria izan da. Sari-banaketa Hannoverren (Alemania) ospatu da gaur, eta saria jasotzera Maider Egüés Teknopolisen zuzendari eta aurkezlea, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia eta Beñar Kortabarria Teknopolis saioko erredaktorea gerturatu dira.


Teknopolis zientzia-dibulgazioaren Europako telebista-programa onena dela erabaki duen epaimahaia honako pertsona hauek osatu dute: Derek Nelson, AlphaGalileo Fundazioko negozio-zuzendaria, BBCko produktore ohia eta ESAko (European Media Centre-ko) aholkularia; Carl Johan Sundberg, Euroscience and Karolinska Institute-koa; Philippe Bijvoet, VRT The Flemish Radio and Television Network-ekoa; Frederik Wittock, Johnson & Johnson Pharmaceutical Research Europakoa eta Barbara Gallavotti, italiar telebistako kazetaria.


Maider Egüések adierazi duenez, “Europa mailako telebista-programa onenaren saria jasotzea oso garrantzitsua da guretzat, gure lanaren errekonozimendu bat baita”.


Teknopolisek 12 urte daramatza ETBko kateetan emititzen, eta atzo (urriak 13) egin zuten programaren aurkezpena Elhuyar Fundazioaren egoitzan. Elhuyarrek ETBrentzat ekoizten duen programa hau asteazkenero emango da ETB3n 21:30ean, eta igandero ETB2n 11:00etan eta ETB1en 20:00etan. Bestalde, aurreko denboraldietako programa guztiak eskuragarri daude http://teknopolis.elhuyar.org webgunean.


xuriken
2009-10-16 : 19:56

Teknopolis saioak teknologia berriei buruz hitz egiteko estreinatu duen VLOG tartea interneten ere egongo da ikusgai, webgune ofizialean ez ezik, Euskaltuben ireki duen kanalean ere: www.euskaltube.com/vlog

Teknopoliseko erreportajeek eta bestelako bideoek ere izango dute kanal berezia Euskaltuben:

www.euskaltube.com/teknopolis

Hemen azpian, VLOG tartearen aurkezpena.

Erantzun

Sartu