Nafarroako Gobernuak bigarren urtez blokeatu du euskarazko hedabideontzako diru-laguntzetarako gordeta zegoen partida. Euskarabideak uztailean agindutako 240.000 euroko diru-partida ezerezean gelditu da, Nafarroako Gobernuaren baitako Institutuak ez duelako deialdia garaiz argitaratu. Topaguneak eta Nafarroako euskarazko hedabideek egoera jakinarazi dute gaur agiri baten bidez.
Honela adierazi dute gaur agiri publiko horretan:
Inpresioa dugu Nafarroako Gobernua, eta gure interlokutore zuzena izan den Euskarabidea, gurekin jolasten aritu direla denbora horretan guztian: legez geurea zen 310.000 euroko diru-partida hartatik, 240.000 euro desblokeatu' zituen 2008aren amaieran. 2009rako, berriz, 9.567 euroko aurrekontua onartu zuen xede horretarako.
Oraintsu arte Hezkuntza Kontseilaria izan den Carlos Perez Nievasek eta Euskarabideako zuzendariak, Xabier Azanzak, urte osoa eman dute esaten lasai egoteko, benetan banatuko zen kopurua hori baino gehiago izango zela. Uztailean egindako bilera batean, 240.000 euroko poltsa banatuko zuela esan zigun Azanzak, Euskarabideak bazuela diru-partida lortuta eta diru-laguntza deialdia irailean egingo zela.
Baina iraila iritsi da eta, hara non, egindako lan guztiaren ondoren, bileratan inbertituko lan eta denbora guztiaren ondoren, egoera duela urtebeteko berbera da: 2008ko krisiaren aitzakia berdin-berdinarekin, uztailean agindu zitzaigun diru hura blokeatua dago berriz ere.
Beraz, azkenean, ez 240.000 eta ezta 9.567 ere.
Erantzun
Sartu