Teknologia albisteak

DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzako zientzia eta teknologiari buruzko lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2009-10-10 : 11:10

Urtero legez, Elhuyar Fundazioak zientzia eta teknologiaren VIII. Zernola Olinpiada jarri du martxan. Euskal Herriko DBHko 1. eta 2. mailako ikasgelei dago zuzendua Olinpiada, eta urria eta apirila bitartean egingo da. Izena emateko epea zabalik da jada www.zernola.net webgunean bertan.

Olinpiadan parte hartzen duten ikasgelek zientzia eta teknologiaren gaineko bost proba gainditu behar dituzte. Gela bakoitzak blog bat izango du, eta hor zintzilikatu behar dituzte proben ebazpenak. Proba hoberena egin duen ikasgelak sari bat jasoko du, gelako ikasle guztientzat, eta olinpiadaren amaieran puntu gehien dituzten bost ikasgelek sari berezi bat jasoko dute. Lehenengo postuan sailkatzen den ikasgelako ikasleak Senda Viva natura-parkera joango dira, bi egun pasatzera, parke honen babesletzari esker; bigarren sailkatzen den gelakoek, berriz, Espejoko aterpetxean egingo dute bi eguneko egonaldia, Arabako Foru Aldundiari esker; hirugarren sailkatuek Arabako Sobron ibaia esploratuko dute, egun bateko txangoan, Sobron Abentura taldearen laguntzari esker; azkenik, laugarren eta bosgarren postuetan sailkatutako ikasgelek egun-pasa egingo dute Andoaingo Uraren Interpretazio Zentroan, non Leitzarango bailaran barrena bizikletan ibiltzeko aukera izango duten, ur interpretazio zentroaren babesletzari esker.

Lehenengo proba urriaren 26an argitaratuko da, eta parte hartzen duten ikasgelek ia hilabeteko epea izango dute ebazteko. Zernola Olinpiadaren helburua da gazteei zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna piztea, talde-lana eta sormena sustatzea eta, era berean, teknologia berrietan trebetasuna harraraztea.

Erantzun

Sartu