Teknologia albisteak
2

Hitzetik Hortzera berriro itzuliko da pantailara

Erabiltzailearen aurpegia
Hitzetik Hortzera
2009-10-01 : 17:10

Jirabuelta eman diote programa aurkezteko moduari: aurten ez du platoko grabaziorik izango. Ordutegia ere moldatu egin dute:

  • ostegunetan gaueko hamarretan ETB3n
  • eta larunbatetan arratsaldeko ordu batean ETB1en.

Hitzetik Hortzera, euskarazko telebistagintzako programa dekanoa (1988an agertu zen aurrenekoz, hogeita batgarren denboraldia du aurtengoa), pantailara itzuliko da gaur. Larunbatean Zestoan abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusia eta horren guztiaren lekuko izan nahi du aurtengo programak.

Kanporaketa den-denak grabatuko ditu eta kroniketan, bertsoaldi bikainenez gain zaleen inpresioak, bertsolariei egindako elkarrizketak, eta oholtza atzean gertatzen dena ere erakutsiko du. Bertsozaleek jakin nahi duten guztia, etxeko eserlekutik mugitu gabe.

Txapelketa Nagusia dela-eta ordutegi aldaketa izango du Digitalak ekoiztetxean sortutako programak. ETB3n ostegun gauetan, 22:00etan, izango da hitzordua. ETB1eko emisioa, berriz, larunbatetan emango da, 13:00ean, ez igande bazkalostetan orain arte bezala.

Eneko Dorronsoro, erredakziorako fitxaketa izarra

Eneko Dorronsoro fitxatu du Hitzetik Hortzerak erredakziorako. Dorronsorok (Zumaia, 1978) ikastolan xeoxe ikasi omen zuen bertsotaz, hori esaten du berak. Gainera ikusentzunezkotan badu eskarmentu puxka bat: Betizun eta Noaoan gidoigile izan da; arlo teknikoan aritu da, berriz, zenbait telesail eta filmetan. Bigarren urtez jarraian Jon Artano izango da zuzendaria eta Izaskun Bernedo errealizatzailea.

Bertso surrealistak

Iazko moduan ordubeteko iraupena izango du programak (baita ETB1eko errepikapenean ere) eta atal ugari izango ditu:

  • elkarrizketak
  • reportajeak
  • zuri-beltzeko bertsoa
  • artxibo errepasoa
  • bertso jarriak...
  • bertso surrealistentzako tartea ere izango da.

Aurrenekoan Patxi Etxeberria eta Alaia Martin

Lehendabiziko alea bete-betekoa prestatu dute. Alaia Martinek Argentinatik bidalitako bertso-jarriak eta Hernanin izandako bertso-saio umoretsu bateko entresaka emango dute. Txapelketa Nagusiaren aurkezpen jaian ere izango dira, Tabakaleran. Gainera Hitzetik Hortzerak Mintzola Fundazioaren ganbaran, Villabonan, estreinatu duen erredakzioan Patxi Etxeberria bertsolari handia hartuko dute bixitan.

Hitzordua, ostegunetan 22:00etan ETB3n, eta larunbatetan 13:00etan ETB1n.

Erantzunak

Sustatu
2009-10-02 : 13:25

Lagun batek dio Twiterren: Ordutegia lehen exkaxa bazen, oraingoa ez da hobea ;(


hitzetik hortzera
2009-10-02 : 13:56

Denen gustua egitea erraz-erraza ez da, zail-zaila ere ez. Ezinezkoa da. ETB3ko ordutegia telebista kontsumoa handiena den tartean dago. ETB1eko errepikapenari dagokionez, emisioa aurreratzeko eskaera lantaldekook egin genuen. Programa igande bazkalostetik larunbat eguerdira ekartzeko arrazoi nagusia zera izan da: bihar hasiko den Txapelketa Nagusiaren berri gaurkotasunez eman ahal izatea. Programa ostegunez estreinatzen denez, igandeko emankizuna zaharkitua legoke Txapelketa jarraitu nahi duen zalearentzat, tartean larunbateko kanporaketak leudeke eta.

Gainera, badu beste abantaila bat ordu aldaketak berekin: iaz ETB1eko errepikapena ETB3koa baino 15 minutu laburragoa zen, halabeharrez; aurten oso-osorik emango da ETB1en ere, ordubete inguruko programa. Txapelketa Nagusia amaitzean ostera ere igandeko ordutegira bueltatzeko aukera izango dugu dena dela.

Erantzun

Sartu