Teknologia albisteak

Samoa uharteetan tsunami hilgarri bat izan da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-09-30 : 10:09

Ozeano Barean izandako lurrikara baten ondoren, tsunami olatuek Samoa uharteak jo dituzte gaur. Ehun bat hildako izan direla diote albisteek. Bideo bat ari dira errepikatzen albistegi gehienetan, eta ez da hartan gauza handirik ikusten. Hemen itsatsitako beste honetan, berriz, Samoa Amerikarreko Leone herriko kostaldea ikusten dugu: urik jada ez, baina olatuek kalte handia egin dutela ikusten da:

Mendebaldeko Samoan (estatu independentea) Sau Sau eta Fale herrixkak jo dituela diote lehen albisteek, dozenaka hildakorekin. Ekialdeko uharteak Samoa Amerikarra dira (AEBen partea) eta han Pago Pago hiriburuko badian lur barrura 100 bat metro barneratu omen da itsasoa.

Albiste batzuek diote Samoa Amerikarreko Parke Nazionala ere urak suntsitu duela, baina hori uhartearen iparraldean dago, eta gainerako albiste guztien arabera, ematen du tsunamiak hegoaldetik eman diela uharteei. Goiko bideoko Leone herria ere, Amerikar Samoako hego-mendebaldean dago. Baina beharbada uharteak ipar eta hegotik inguratu dituzte olatu erraldoiek.

Twitter oinarri hartzen duen medio bateko albiste bilduma hemen. Wayne Hodgkins amerikarrak Samoatik tuiteatu izan ditu azken orduak.

Erantzun

Sartu