Euskara, gazteak eta parte-hartzea. Horiek izango dira "EuskaraGAZ parTE hartuz" jardunaldiko hiru ardatzak. Elhuyar Aholkularitzarekin lan egin duten eragileek bere esperientziak partekatuko dituzte.
Urriaren 8an izango da hitzordua, Durangoko Elkartegian, 09:00etan hasi eta eguerdia bitartean.
Esaterako, euskararekiko dituzten jarreren eta aurreiritzien inguruan hausnartzen lagundu die Elhuyar Aholkularitzak Debako gazteei, horrela euskararen erabileran eragiteko; jardunaldian gazte horietako zenbaitek eta Udaleko euskara-teknikariak azalduko dute nola egin duten lan eta parte hartzeko prozesuak zertan lagundu dien.
Berrizko alkate Javier Azpitartek ere hartuko du parte Durangoko hitzorduan. Izan ere, Berrizen gazteen jarrerak aktibatzeko prozesua gidatu du Elhuyar Aholkularitzak eta Udalak horrelakoetan duen arduraz eta hartu beharreko jokabideaz hausnartuko du Azpitartek.
Bestetik, gazteek euskara erabiltzeko orduan eragina duten faktoreak aztertu dituzte hainbat eragilek eta Topaguneko Sonia Perezek horren berri emango du. Eta, azkenik, Elhuyar Aholkularitzak bere lan metodologia azalduko du, parte-hartzean oinarritutako eredua.
Entzundakoaz eztabaidatzeko aukera izango dute jardunaldian parte hartu dutenek.
Erantzun
Sartu