Sustatu logoa Teknologia albisteak

Txapela Ian McKellen buruan

leire narbaiza
2009-09-28 12:09

Kalean galdetuz gero zein den jantzitradizionaleen artean gure ikurra, zalantzarik gabe, ia jende guztiak txapela esango luke. Euskal Herrian zein kanpoan; izan ere, italieraz basco esaten zaio... Bitxia da, txapela Euskal Herrian XIX. mendearen erdi aldean zabaldu zelako, duela gutxi, esateko.


Promoziokoa: © Zinemaldia

Gaur egun, txapela kirol irabazleek baino ez dute janzten. Tira, beroarena kendu behar zaio baieztapen honi, badakit; ertzantzak, herri batzuetako udaltzainek, armadako eta guardia zibileko eliteko kideek ere erabiltzen dute. Esan, bestela, gure kaleetan egun arrunt baten zenbat txapel ikusten diren?

Horregatik, argazki hauek ikusi nituenean harrituta gelditu nintzen, oraindik ere imajinario kolektiboan txapela gure (gizonezkoen) ezaugarria delako, Ian McKellen-ek keinu bat egin nahi zigula uste dut, gaueko ekitaldi batera traje eta gorbatarekin joanda txapela janztean. Ondo jantzita. gainera.


Promoziokoa: © Zinemaldia

Niri polita iruditu zitzaidan, hemen zein ondo jaten den esatea baino orijinalagoa eta ederragoa. Bestalde, esan beharra dago, oso ondo geratzen zitzaiola, ia gizon guztiei geratzen zaien moduan: ederto. Benetan diot, oso-oso guapo egoten dira ia gizonezko guztiak.. Askotan komentatu dugu hainbat lagunek sanandresetan, Euskal Jaixan edo horrelako okasio baterako gure ingurukoak baserritar janzten direnean. Oso erakargarri egiten zaigu, egiatan!

Inoiz ikusi dituzue bilbotar peto-peto horiek domeketan traje eta gorbataz jantzita eta txapela buruan (era berezi batean jarrita) Zazpi Kaleetan? Badago gauza dotoreagorik? Ez, horraittiok.

Uste dut txapela erdia ahaztuta dagoen janzkia dela, berreskuratu beharko litzatekeena. Babes handia ematen du, gizonak dotore daude, erosoa da, eta edonon erabil daiteke. Prezioa ere ez da txarra. dena abantaila, zergatik ez jarri berriro ere modan? Burusoil askok eskertuko lukete!

Badakizue: txapela buruan eta ibili munduan!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu