Gipuzkoako Euskara Zuzendaritza Nagusiak gaur goizean aurkeztu ditu Donostian bere hausnarketa estrategikoa eta etorkizunerako ikuspegia. Datozen urteotarako aurreikusten dituzten aldaketak eta, batez ere, 2010. urtean krisialdiak eragingo dituen murrizketak azaldu dituzte.
Gaur goizeko 10etan egin da aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara diputatua buru zelarik eta Euskara Zuzendaritza Nagusiko (EZN) kideak lagun zituela. Entzuleen artean, Gipuzkoako elkarte, enpresa eta udaletako 120 bat ordezkari.
Aurkezpeneko lehenengo puntuan, Maria Jesus Aranburuk berak, 2009. urteko zenbait datu ekonomiko eman ditu: Aldundiko diru-sarrerak %25-26 jaitsi dira, Gipuzkoako industria ekoizpena %24, eta urtebetean 11.000 lanpostu galdu dira lurraldean. Panorama horren aurrean baliabideak inoiz baino hobeto kudeatu beharra azpimarratu du Aranburuk eta garai gogor horren aurrean animoz erantzun behar zaiola, erakundeen zein herritarren aldetik.
Datorren urtera begira diru laguntza mota guztiei eusteko asmoa dago, baina aurrekontuetan %30 inguruko murrizketa aurreikusten da eta diru laguntzak jasotzen dituzten elkarteek eta enpresek euren jarduera egokitu beharko dutela adierazi dute.
Aurreikuspen ekonomikoekin batera EZNren plan estrategikoa ere aurkeztu da. 2007az geroztik ari dira lanean Plan Estrategiko berria gauzatzeko. Euskara eta Kultura esparruen azterketa sakona egin da, erabaki estrategikoak zehaztu dira eta helburuak finkatu. Lan-prozesu horretan lurraldeko hainbat eragileren iritzia eta laguntza jaso da: argitaletxeak, unibertsitateak, hedabideak, ikastetxeak, udalak, elkarteak...
Estibaliz Alkorta Euskara Zuzendariak azaldu duenez, plan estrategiko horren barruan, 15 helburu (eta 71 ekintza) zehaztu dira datozen urteetarako, guztiak ere 6 ardatzetan banatuta: Gipuzkoa elebiduna, Berrikuntza, Euskararen biziberritzea eta normalkuntza, Lidergo partekatua, Parte hartzea sustatzea, eta Administrazio tresnak hobetzea. Plan estrategiko osoa, helburuak eta ekintzak barne, txosten honetan (PDF, 450 Kb) zabaldu ditu Aldundiak.
Aurreko guztiaren ondorioz, oinarrizko zenbait aldaketa gertatuko dira aurtengo eta datorren urteko dirulaguntzetan.
Hasteko, eta krisiaren eraginez bereziki, urtean urteko aurreikuspen eta zuriketak egin beharko dira, kontabilitatea horretara egokituz. Hau da, 2009ko dirulaguntzetako kontu guztiak urtea amaitu aurretik aurkeztu eta kobratu beharko dira.
Bestalde, 2010. urteko deialdia urte berria hasi bezain azkar kaleratuko da. Deialdi horretan diru-kopuru murrizketa handia aurreikusten da eta proiektuak baloratzeko orduan batez ere ondorengo puntuak hartuko dira aintzat:
Erantzun
Sartu