Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Goiena Telebistak elkarlanean ekoizturiko GipuzkoaKultura saioa estreinatuko da gaur euskarazko toki telebistetan. Gipuzkoa 2.0 egitasmoak bere baitan hartzen duen ekintzetako bat da hau. Saioa eguaztenero emitituko da (prime timean) telebistetan eta interneten Tokiko.tv eta Gipuzkoakultura.net atarietan ikusi ahalko da. Esther Ferrer performance artista da lehen saioan protagonista.
GipuzkoaKultura telebista saioak Gipuzkoako kulturari leihoa irekiko dio eta Gipuzkoako etxebizitza guztietara sartuko da telebista zein internet bidez. Euskara hutsez sortu eta emitituko da. Halere, Euskal Autonomi Erkidego osoan ikusi ahal izango da Euskaltel bidez (911, 925, 933 kateak). Hor gorago promoa.
Elkarlana da proiektua gauzatu duen oinarrizko ezaugarria. Saioa egikaritzeko kultura eta telebisten mundua elkarrekin jarri dituzte: Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara departamendua batetik eta, bestetik, Tokiko Telebistak . Emaitza: "herritarrengandik gertu dagoen kultur eskaintza baten saio freskoa". Hitz horiek erabili ditu Haritz Solupek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapen eta Hedapeneko zuzendariak, gaur egindako aurkezpenean:
Lehen saioan (gaur 22:15ean GOITBn) Esther Ferrer artistaren lana izango da ardatza.
Saio "dinamikoa" da, "astero kulturako diziplina ezberdinak erakutsiko dituena", Oihane Agirre GOITBko programazio zuzendariak azaldu moduan. Zera erantsi du Agirrek gaur Donostian egindako aurkezpenean: "aukera bat" dela Goienarendako "sinistuta" baitaude "saio honekin kultura etxekotu egingo" dutela. Ikusleak, hortaz Gipuzkoan dagoen mugimendu kulturalaren berri jasoko du ikus-entzuleak, bai telebista zein internet bidez .
Orain ikusi dut saioa eta iruditu zait CC-BY-SA lizentziapean zegoela. Beti ohitu naiz © ikusten telebista saio guztien amaieran... Nobedadea da aitortu-Partekatu baimen beraren arabera