Sustatu logoa Teknologia albisteak

Jaurlaritzaren edukiak irekitzeko eta partaidetzarako proiektua: irekia.euskadi.net

Sustatu
2009-09-23 12:09

Dirudienez Eusko Jaurlaritzak euskadi.net atariaren edukia ireki nahi du, parte hartzeko eta edukien berrerabilpenerako elementuak gehituz. "Gobierno Vasco Irekia" deitu diote proiektuari.

Patxi Lopezen prentsaurreko bati buruzko informaziotik abiatuta jakin dugu proiektu honen berri. Lehendakariak erabilitako Prezi aurkezpenera lotura bat dago Jaurlaritzaren webgunean, eta Jorge Valiño izeneko erabiltzaile batek igotako dokumentua da. Kontua da Lopezentzat egindako aurkezpen horrekin batera, beste hau ere igo duela erabiltzaile horrek.

Oraindik ez dute publiko egin, baina badirudi bere aurkezpena prestatzen ari direla. irekia.euskadi.net helbide horretan sartzeko erabiltzailea eta pasahitza eskatzen baitzaizkigu.

Helburua "pertsona oro Gobernuko eta erabakien parte sentitzea" da, txosten honen arabera, hiru zutabetan oinarrituta:

  • Gardentasuna. Datuen eta informazioen irekiera denbora errealean eta doan.
  • Partaidetza. Neurri, lege eta erabakien inguruko iritziak, bere sorkuntzatik (baita onartuak izan baino lehen ere). Gobernuaren erabakiak bideratzen lagundu dezakete.
  • Kolaborazioa. Datuen berrerabilpena, Creative Commons.

Horretarako software librea erabili nahi dute, eta Copy Left-aren aldeko apostua egin, Euskadi.net atarian lizentzia bat estandarizatu bitartean. Hortik aurrera, lizentzia amankomun bat erabiliko dute.

Hizkuntzak

Euskaraz eta gazteleraz egongo dira edukiak, eta atzerritarrentzat interesgarria izan daitekeen informazioa ingelesez ere argitaratuko dute. Horrez gain, beste hizkuntza batzuen eskaera-maila aztertzen ari omen dira.

IP telebista

Guztia Lehendakaritzako Komunikazio Zuzendaritzatik kontrolatuko du Ana Betanzosek, aurkezpen honetan zehazten denez. Patxi Lopezek IP telebista izango du atariaren barruan, eta zenbait ekitalditan streaming ere erabiliko omen dute. Bideo guztietan iruzkinak egiteko aukera izango da, eta bideoak konpartitzeaz gain iruzkinak egin eta esportatzeko aukera ere emango dute, Prezin sareratutako informazio horren arabera betiere. IP telebista horretan sareratu nahi dituzte kronikak, elkarrizketak, erreportajeak eta publizitate kanpainen spotak.

Konpartitzeko aukera

Open Government honetan publikatutako elementu bakoitzak izango du aukera iruzkin bat egiteko eta aldeko zein kontrako botoa emateko, eta horrez gain, honakoetara bidaltzeko:

  • del.icio.us
  • Twitter
  • Facebook
  • Google
  • Myspace
  • Technorati
  • E-postaz bidaltzeko
  • Beste webgune batzuetatik linka jartzeko

Horrez gain, Jaurlaritzaren perfil instituzionala sortuko dute sare sozialetan: Facebook, Twitter, Tuenti, Flickr, Youtube, eta abar.

Proposamena atari irekia hasiera batean irekia.euskadi.net url-an egotea da, geroako euskadi.net atarian integratzeko. Etorkizunera begira erabiltzaileak segmentatu nahi dituzte informazio pertsonalizatua emateko.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu