Zorteko izan gara igande honetan Zinemaldiko sail ofizialera etorri garenok, erakutsi dizkiguten bi filmak zinez ederrak izan baitira, guztiz estilo eta izaera desberdinetakoak izan arren: Juan José Campanella argentinarraren El secreto de sus ojos, batetik, eta Matthias Glasner alemaniarraren This is love, bestetik.
Promoziokoa. Soledad Villamil eta Ricardo Darin El secreto de sus ojos filmean.
Bezperan bezala Darín, aktore argentinar ospetsuena topatu dugu Campanellaren filmean, baina hortik aurrera zerikusi gutxi atzoko eta gaurko pelikulek. Epaitegi bateko idazkari gris izandako Benjamín Espósitok erretiroa hartu du eta, orduak betetzeko-edo, nobela bat hasten da idazten, 25 urte lehenago (1974an) epaitegian izan zuten kasu argitu gabeko bati buruz.
Zenbait maila eta geruza dituen filma josi du Campanella beti abilak: krimen horrexen ikerketa (bi fasetan: orain eta lehen), inoiz aitortu eta gauzatu gabeko maitasun baten kronika (bi alditan hori ere), militarren kolpea baino lehen ere boteretik egindako gerra zikinaren zertzeladak, baita istorioak kontatzeari eta oroitzeari buruzko zenbait gogoeta ere (zorionez, modu lauso eta apalean eginak). Geruza horiek nahasten diren bezala tartekatzen dira une dramatikoak eta komikoak, elkarrizketa bixiak eta irudiek hitz egiten duten uneak, zuzendariak uneoro baleki bezala zer eskatzen dion esku artean duen historiak. A, eta ezin aipatu gabe utzi Pablo Sandoval (Guillermo Francella), betiko gogoan geratzen zaizkizun rol sekundario zoragarri horietakoa.
Chris-ek (Jens Albinus) haur-prostituzioaren atzaparretatik askatu du Jenjira vietnamdarra (Lisa Nguyen), baina atzetik dauka mafia hori, neskatxaren prezioa ordain dezan. Bestetik Maggie (Corinna Harfouch) emakumezko polizia heldu eta alkoholizatu bat da, 16 urte lehenago senarrak zergatik aldegin zuen jakin nahi eta ezinik jarraitzen duena. Chrisek egindako ezegiteko batek jarriko ditu harremanetan, eta polizia-galdeketak bi arima bakarti eta mindu elkartuko ditu.
Glasner-ek istorio sakon eta gordina kontatzen digu, topikoetatik eta moralismoetatik ihesi, pertsonaia konplexuen barrenean arakatzeko. Protagonisten familiak, iragana, harreman-sarea... aleka ematen digu informazioa zuzendari alemaniarrak, eta guztira pelikula sendo bat eraiki du, giza izateari buruzko erantzunik eman gabe ere hausnarrean jarriko gaituena.
Erantzun
Sartu