Praka piratak
ikaragarri gustatzen zaizkit, udan eurak dira aproposenak edonora
joateko. Luzeak izateko, laburrak dira; eta laburrak izateko luzeak.
Zera esan nahi dut, ni sekula ez nintzatekeela klasea ematera joango
praka motzetan (kontuz motz berbarekin!), nahiz eta kastuak eta
pudikoak izan, ez nintzateke gustura sentituko, ez nuke egoki jantzita
ikusiko neure burua. Baina, praka piratekin, ostera, bai.
Argazkiak.org | piratak © cc-by-sa: txargain
Edonorako balio dute: lanerako, paseatzeko, mendirako, hondartzara
joateko, turismo egiteko....Kontuan izan hainbat sinagoga, meskita,
eliza eta tenplutan sartzeko belaunak gutxienez estalita egon behar
direla.
Umeak izanez gero ere, praktikoa da. Umea hazi egin dela eta iazko
prakak labur geratu zaizkiola, *peskan*, baina gerrian ibiltzeko moduan
dituela? Ederto, ebaki eta pirata bihurtu.
Baina dena ez da abantaila izango. Txikiak garenok kontuz ibili behar
gara; izan ere, praka piratak luze geratzen bazaizkigu, desastrea
dator: praka pirata luzeak? Zer da hori? Praka luzeak labur! Zelan izan
liteke hori?
Gizonezko izanez gero, txikia eta biboteduna, adi piratak janzteko
orduan. Asterix eman zenezake! Komikiko pertsonaia! Eta nork gura du
komikiko pertsonaia izan?
Eta azken aholkua: laga galtzetinak etxean, ez dago-eta gauza
zatarragorik; baita zapata itxiak ere, ikusiko duzu sandaliak erabiliz
gero zure behatzek nola eskertuko dizuten freskura.
Hau guztiau kontatuta, gezurra dirudi aurten eta iazko udan niri
gertatutakoa. Piraten bila ibili, eta topatu ez! Inon ere ez! Ez zeuden
modan; hortaz, abantaila eta erosotasunaz ezin disfrutatu. Azkenean,
oso-oso merke *merkadilloan* aurkitu nituen batzuk, zorionez. Baina
modaren diktadura honek ia-ia bernak erakutsi ezinda utzi ninduen.
Nirean piratak udako "armairu-hondoa" dira. Inork imajina lezake
bakeroak (jeans-ak) erosi nahi izatea eta ez topatzea modan ez
daudelako? Ez, ezta. Bada, niri hori pasatu zitzaidan.
Diseinatzaileok, jendearendako diseinatu, eta izan praktikoagoak!!
Gure aita, berriz, sutu egiten da praka piratez jantzita ikusten gaituenean. Nonbait beretzat atsegina ez den haurtzaroko pasadizo bat ekartzen dio gogora: hamaika anai-arrebako familian, arropak batetik bestera pasa ohi ziren txikiak geratzen zihoazen neurrian. Gure aitari, gazteenatakoa izaki, beti zegokion beste senide baten prakak hartzea eta handik konponketa, hemendik adabakia, beti prakak behar baino motzagoak egokitzen omen zitzaizkion. Hala, eskolara bidean, baserri baten paretik pasatzean, gizon ppppiiiiii (ez dut erreproduzituko berak aipatzen duen berba gordina) batek iseka egin ohi zion "hara, oaiñ e arreban baten prakak jantzita hua hi" esanez. Eta, noski, gure aitak ezin eraman haren burla. Hori ekartzen dio gogora eta ez ditu begibistan ikusi nahi praka piratak, ohitzen ari bada ere.
Horratx, zer ekarri didan gogora zeure aipamenak.
Segi bizkor!