Gaur iluntzean ekaitz handia sartuko da Euskal Herrira ipar-ekialdetik. Une honetan Akitania gainean dago "tanta hotz" delakoa. Eumetsat satelitekoa da eguerdiko irudi hau:
Eumetsat satelitearen webgunean ikus dezakezu orduz orduko ekaitzaren garapena. Azken 12 edo 24 orduak aukeratuz gero, animazio bat ikusten duzu.
Azken 24 orduetan, hasieran itxura oso finkorik ez duten laino batzuk osatuz doaz Frantzian, eta Alemaniatik Euskal Herrirako norabidean doaz apurka, ekaitz zurrunbilo forma hartuz.
Iluntzean sartuko omen da indartsu ekaitza Euskal Herrira. Euskalmet-ek "muturreko eguraldiaren" alerta horia jarri du, baina bere webgunea bisitatuta, zaila da nabaritzea hori hala denik. Hizkuntza aukeraketaren alferreko sarrera-orria igaro ondoren, eskumako zutabeko hirugarren ikonoa erreparatu: horixe da abisua.
"Depresio hau oso zaila da iragartzen, bere kasa mugitzen da eta norabidez alda daiteke ordu gutxitan. Metro koadroko 100 litro bota ditzake edo ezer ere ez", azaldu diote Euskalmeteko iturriek EITBri.
Meteorologo horiek ere esan dute "tanta hotza" terminoa ere ez dela jada erabiltzen. Maila altuetako depresio isolatua omen da termino zuzena.
Euskalmeten oharrak zera dio hitzez hitz:
Ordu betean 15 litro baino gehiago pilatzeari dagokion abisu horia. Gaur asteartea 18 UTC-tan hasi eta bihar, asteazkena, 18 UTC-ra arte ordu betean 15 litro baino gehiago pilatzeko probabilitate handia dago kantauri isurialdean, bereziki mendebaldean.
24 ordutan 60 litro baino gehiago pilatzeari dagokion abisu horia. Gaur asteartea 18 UTC-tan hasi eta bihar, asteazkena, 18 UTC-ra arte, kantauri isurialdeko mendebaldean, 24 ordutan 60 litro baino gehiago pilatzeko probabilitate txikia dago.
Erantzun
Sartu