Teknologia albisteak

Hizkuntza Plangintza Graduondokoa Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren bermearekin

Erabiltzailearen aurpegia
Asmoz Fundazioa
2009-09-16 : 16:09

Soziolinguistikaren oinarrizko ezagutza eskaintzeaz gainera, Hiznet, Hizkuntza Plangintza graduondokoak, honako hiru helburu nagusi hauek ditu: euskararen normalizazioaren plangintzarako metodologia eta lanabesak irakastea, euskararen egoeraren berri zehatza ematea, eta Euskal Herriko gizarteak hizkuntzekiko eskaintzen dituen baldintzak ezagutaraztea. Ikastaroak metodologia malgua darabil, irakaskuntza birtuala eta aurrez aurreko lau saio tartekatzen dituelako. Euskal Herriko Unibertsitateko Berezko Titulua da eta bederatzigarren edizioari datorren azaroan ekingo zaio.

Irakasleak zenbait unibertsitatekoak dira, baita hainbat enpresa eta euskalgintzako profesionalak eta Eusko Jaurlaritza eta Herri administrazioko teknikariak ere. Zuzendari lanetan, Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba EHU-ko irakaslea aritzen da.

Graduondokoa euskalgintzako euskaltzaleei, euskara teknikariei, egunen batean zeregin horietan aritzeko asmoa dutenei, herri administrazioan, hezkuntza sisteman eta antzeko lan arlotan hizkuntza normalkuntzean erantzukizun publikoa dutenei, dago zuzendua.

Hizkuntza plangintzaren inguruan burutzen den EHU-ko graduondokoa, udaletxetan euskara teknikari lanetan aritzeko ezinbesteko formakuntza ari da izaten; HPSren babesa ere jasotzen du.

Bederatzigarren edizio honetan ere Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak, internet bidezko formakuntzan duen esperientziagatik, bere baliabideak jarriko ditu ikastaroa aurrera ateratzeko. Graduondokoa datorren azaroan hasi eta hurrengo urteko uztailean amaituko da. Ikastaroaren izen emate epea urriaren 6an amaituko da eta http://hiznet.asmoz.org web gunean burutu daiteke.

Erantzun

Sartu