Teknologia albisteak

IKT berriekin, gazteen idazkuntzaren kalitatea hobetuz doa, eta ez alderantziz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-09-07 : 11:09

Kaliforniako Stanford unibertsitatean egiten ari diren urtetako ikerketa batek dio gazteen idazketa ohiturak eta idazkuntza kalitatea, eskasten beharrean (topiko teknofoboak dioen bezala), hobetzen ari direla. Teknologia berriei eta bereziki Interneteko aukera sozialei esker gertatzen da hori.

Stanford-eko Andrea Lunsford irakasleak zuzentzen du Stanford Study of Writing delakoa. Clive Thompson-ek laburbildu ditu ikerketa horrek orain arte emandako ondorietako batzuk Wired agerkarian. Hona zenbait puntu:

  • Sekula baino jende gehiago idazten ari da gaur egunean: Interneten, komunikatzeko, batik bat. Duela urte gutxi, ikasleen idazketa guztia zen eskolarako egin beharreko lanak. Hortik aparte, ezer ere ez. Gehienentzat, ikasketak uzterakoan, ez zegoen jada beste ezer idazteko, lanbide jakin batek idaztea ez bazuen eskatzen.
  • Formatu berri batzuen laburtasunak (SMS mezuak) ez du prosa joririk idazten laguntzen, baina idazketaren beste alor batzuk lantzeko ona da: zehaztasuna eta kontzisioa, haikuen erako prosa.
  • Idazki on baten definizioa, ingurukoetan (audientzian) duen eragin edo erantzunetan kalibratzen dute gazteek.
  • Idaztearen helburua da komentzitzea, eztabaidatzea, antolatzea.

Azken bi puntu horiekin kontraste bizia eginez, ikasgelan, irakaslea da audientziako bakarra, eta hori ez da pizgarri on bat. Eta idaztearen helburua kalifikazio bat lortzea da, ez besterik.

Wiredeko komentaristak eta Stanfordeko arduradunek aipatzen dute alfabetizazioan eta idazteko ohituretan jauzi ikaragarria dela hau: Grezia klasikoarekin parekatzen dute egoera. Are gehiago, ez bakarrik aldaketa paradigmatikoagatik, gaurko sareko izaera publikoagatik, idazkuntza berri honek Greziako oratoriaren tradizio dialektikoarekin zerikusi handiagoa du, 20. mendeko gutun eta saiakera idazketa asinkronikoarekin baino.

Erantzun

Sartu