Sustatu logoa Teknologia albisteak

Champions League ETB2n eta gaztelaniaz?

Sustatu
2009-08-17 10:08

Espainiako Forta federazioko telebista autonomikoek akordioa lortu dute aurten Champions League-eko Europako futbol partiduak asteazkenetan 20.45etan emateko euren kateetan. Baita ETBn ere, eta gainera bi lehenak abuztuan dira baina oraindik ez da jakinarazi zein partidu zehatz eta noiz. Hala ere, ez dagoena argi da zein hizkuntzatan emango dituzten. EAJk eskatu dio EITBko zuzendari Alberto Suriori futbola orain arte bezala euskaraz eman dezatela ETB1en. Agian ETB2n gaztelaniaz emateko planak daude? EITBren oharrak ez du aipatzen kate edo hizkuntza zehatzik. Baina ez dugu asko beharko jakiteko: oker ez bagaude, lehen partida etzi asteazkenez emango dute.

Eguneraketa, asteartea. Susmoak, okerrak. Euskaraz eta ETB1en izango dira bai partidak eta bai programa bereziak.

Champions ligako 17 partida emango ditu ETBk, datorren urteko maiatzaren 22an Madrilen jokatuko den finala barne. Hauez gain, Europako Superkopako finala emango da, eta hauxe da ziurtaturiko lehen neurketa, abuztuaren 28an jokatuko baitute Monakon FC Barcelona eta Xakhtar Donetsk talde ukrainarrak. Baina nola abuztuko sailkapen faseko beste bi partida ere eman behar dituzten, asteazken honetan eta hurrengoan tokatzen dira horiek.

Asteazkenetako partidak 20:45etan emango dituzte. Horrez gainera, txapelketako laburpenak ere emango ditu astearte eta asteazkenetan. Halaber, astero beste saio berezi bat ere egongo omen da. Hauen hizkuntza eta kateaz ere ez du informatzen EITBren oharrak, baina kasu honetan ez da sorpresa izango gaztelaniaz eta ETB2n badira, honetan aurrekariak aspaldikoak baitira, El Derbi saioak erakusten duen bezala.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu