Sustatu logoa Teknologia albisteak

Abauntzeko mapa, irudiak eta kokapenak

Sustatu
2009-08-07 10:08

Abauntzeko historiaurreko mapa agerrarazi duen artikuluko irudi guztiak dituzue hemen. Eta errepresentazio geografiko posibleak irudikatzen dituen tokiak ere markatu ditugu mapan.


Argazkiak.org | Abauntz, animaliak eta lurraldea © cc-by-sa: sustatu

Pilar Utrilla eta Zaragozako Unibertsitateko bere lankideak zuzen badaude, Ultzamako Abauntz leizean (Arraitz herritik gertu, Arraitz-Orkingo udalerrian) duela 14 urte aurkituriko harrietan ageri diren marrazkiek, inguruaren errepresentazioa geografikoa dakarte. Duela 13.000 urteko mapa bat. Inon aurkitu den maparik zaharrena, agian.

Artikulua Journal of Human Evolution aldizkari zientifikoan argitaratu dute, uztaileko alean, eta ordainduta, bertan irakurri daiteke osoki. Duela 13.360 urteko mapa paleolitiko bat, horrela hasten da artikuluaren izenburua. 2008an beste artikulu batean aurreratu zuten ikerlari hauek bere aurkikuntzaren parte bat, Veleia aldizkariaren 24-25 ale bikoitzean zera argitaratu zuten: Ríos, montañas y charcas: una representación de paisaje en el bloque 1 de la cueva de Abauntz.

Arraitzen dauden bi arkaitz-muino dira maparen erdigunea, nolabait esateko. San Gregorioko haitza harrietan irudikatuta dagoela uste dute ikertzaileek. Haren ondoan, metro batzuk ekialderago, dago Abauntz inguruan, eta bertako leizezuloan agertu ziren harriak.

Harrietan ageri diren puntuetako batzuk ingurune horretan kokatu dituzte, San Gregorio muinoa, San Gregorio artean dagoen pasabidea, eta apur bat hegoalderago, lur bustiak (flooded land) edo padura bezala identifikatu duten ingurune bat. Argazkia gehitu dute ikerlariek beren hipotesiaren indargarri, horko zelai batean elurra urtzean putzua egiten dela erakusteko: horixe liteke padura modukoa.


Argazkiak.org | Abauntz mapa (fig 7) © cc-by-sa: sustatu

Hiru puntu hauek mapa honetan kokatu ditugu. Irudi horretan eta besteetan, lurraldearekin identifikatu daitezkeen markak koloreztatu egin dituzte artikulugileek. Harrian, noski, ez dago kolorerik, eta gainera, marra geografikoak beste irudi batzuekin nahasten dira: animalien errepresentazioak, hauek ere azpimarragarriak eta baliotsuak, izatez. Horra, harrietako baten aldean bi planoak bereizita, animaliak eta lurraldea:


Argazkiak.org | Abauntzeko mapa, euskarazko epigrafeekin © cc-by-sa: sustatu

Artikulua ilustratzen duten gainerako irudiak Argazkiak.org-en kargatu ditugu.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu