Euskarazko tokiko telebistek Interneteko telebista ipini dute sarean; albiste eta edukiak euskaldun guztien esku jartzea da helburua. Tokiko.tv-ren bidez, egunero egindako lanak eta landutako albisteak munduan zehar barreiatuta dauden euskaldun guztien eskura jarri gura da.
Tokiko elkarteak euskarazko tokiko telebisten presentzia indartu nahi izan du, euskaldunei beste zerbitzu bat eskainiz bide batez. Helburu horrekin jaio da Tokiko.tv webgunea. Albisteen tokikotasuna asko baloratzen da gure gizartean. Gure inguru hurbilean gertatutakoez dagoen kezka eta jakin-mina tokiko telebisten arrakastaren arrazoi nagusia dira.
Tokikotasunean, baina, kostu/zerbitzu erlazioa oso da garestia. Eskualdeko biztanle kopuruari bakarrik zuzentzen zaizkio egiten diren lanak, baina ikusle kopurua oso urria da. Internetek gure lana mundu zabalari eskaintzeko aukera ematen digu.
Tokiko.tv-ren bidez, egunero egindako lanak eta landutako albisteak munduan zehar barreiatuta dauden euskaldun guztien eskura jarri nahi ditugu. Gainera, telebista bakar baten ataria izan barik, Euskal Herrian zehar dauden euskarazko telebista guztien ataria izan nahi duen honek zerbitzu osoago eta egokiagoa eskaini gura du. Telebista guztien batura baino gehiago izango da.
Plataforma honetan tokiko telebista gehiagori eta ikus-entzunezko ekimen gehiagori egin nahi diegu lekua. Baita ere ikus-entzunekoen zaleei eta, oro har, edukiak partekatzeko prest dagoen edonori. Euskaraz, noski.
Une honetan, 28 kanala, Erlo telebista, Goierri telebista, Goiena Telebista (GOITB), Oizmendi telebista, Ttipi Ttapa fundazioa, Topagunea elkartea eta Xaloa telebista ditugu proiektuaren partaide.
Webgunera sartu bezain laster player edo leiho nagusi bat agertzen da. Bertan kargatzen da edukirik berriena, albistegi edo erreportajea. Nabigazioan behera eginez gero, une honetan dauden zortzi kanal nagusiak agertzen dira. Kanal bat aukeratuz gero, horretan ere player nagusia ageri da eta horrekin batera, azpian, kanalak eskaintzen dituen azpikateak: albistegia, kirolak eta kanal bakoitzak dituen beste azpikate bereziak; elkarrizketak eta saio bereziak, kasu. Egunero kargatuko dira bideoak edota saioak.
Tokiko.tv-k plataforma dinamikoa izan nahi du eta horregatik saiatuko da ikusleen parte-hartzea bultzatzen, kamera bat duen edonor izan baitaiteke kazetari.
Erantzun
Sartu