Teknologia albisteak

Nola banatu bi fax-makina hiru alderdi politikoren artean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-07-28 : 10:07

Ezker Batuan izandako eszisioak egoera bitxia sortu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, non talde mistoko sei batzarkide daude, hiru talde politikotan: EB, Alternatiba eszisioa, eta Aralar. Tira-biretatik irteteko, akordioa erdietsi dute tokatzen zaizkien baliabideak banatzeko. Akordioa ofizialtzen bada, taldeari tokatzen zaizkion bi fax-makinak Aralarrek eta EBk erabiliko dituzte; Alternatiba fax barik geratuko da. Doako prentsan, berriz, sorta bat jasoko du EBk, eta beste sorta Aralar eta Alternatibaren artean banatu beharko da.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan lehen Ezker Batuak (EB) lau batzarkiderekin taldea zuen, baina bi lagun Alternatibara joan direnez, taldea galdu dute, eta orain berriro elkartu dira, baina talde mistoan, non aurretik Aralarreko bi batzarkide zeuden.

Eztabaida batzuen ondoren, euren artean akordioa egin dute baliabideak banatzeko, eta hemen kontatzen dira detaileak. Hala ere, Batzar Nagusietako presidentzia-mahaiak ez du oraingoz plana onartu, eta aste honetan erabaki beharko da azkenean kontua.

Nolanahi ere, interesa du irakurtzeak puntuz puntu nola adostu duten:

  • Telefono mugikorra. Gastu mugarik gabeko bi telefono dagozkio taldeari, eta legegintzaldia amaitu arte hiru alderdien artean denbora berdinean erabiliko dute.
  • Lokalak. Talde mistoari bi dagozkio, eta Aralar eta Alternatibaren esku geratuko dira. EBk euskara klaseak emateko erabiltzen zen lokala hartuko du.
  • Aparkalekuak garajean: hiru tokatzen zaizkio talde mistoria, alderdi bakoitzari bana beraz.
  • Doako prentsa. Bi sorta tokatzen zaizkie: bat EBk hartuko du, bestea eskuz esku erabiliko dute Aralarrek eta Alternatibak.
  • Blogak. Talde mistoraren blogak hiru azpi-blog izanho digu. Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeen blogak hemen daude. Orain ez dago talde mistoaren blogik, ez bakunik, ez trinitariorik.
  • E-posta helbideak. Batzarkide bakoitzak aukeratu ahal izango du ea e-posta helbide pertsonala edo generikoa erabiliko duen.
  • Fax makinak: bi daude, eta Aralarrek eta EBk erabiliko dituzte. Alternatiba, fax barik.
  • Ordenagailu eta inpimagailuak: oraingo banaketak balio omen die.
  • Aholkulari kontratatuak: sei izan ditzakete talde mistoan, alderdi bakoitzeko bina, beraz.
  • Batzordeetan eta bozeramaile lanetan txandak: alfabetikoki antolatu dituzte txandak sei batzarkideen artean. Boto ponderatuko prozeduretan ere txanda alfabetikoak izango dira.

Proposaturiko akordio hau Batzar Nagusiek bihar tratatu behar omen dute gaia, eta baliteke talde nagusiek ez onartzea talde mistokoen barne-konponketa hau.

Aralar eta EB koalizioan aurkeztu ziren foru hauteskundeetara 2007an, baina talde propioa (modu adostuan) EBk bakarrik sortu zuen, Aralarreko biak talde mistora joan ziren. EBko taldea aurtengo udaberrian geratu da desegina, bi batzarkiderekin bakarrik geratu zirelako (hiru da minimoa taldea osatzeko). Hala ere, EBk uste du bi batzarkiderekin jarrai zezakeela talde propioa izaten eta Batzar Nagusien presidentziak hartutako taldea desegiteko erabakia auzitara eraman du.

Erantzun

Sartu