Teknologia albisteak

Cory Doctorow Donostian: topaketa euskal blogariekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-07-21 : 13:07

Uztailaren 28an, Cory Doctorow BoingBoing blogeko editore, idazle eta Interneteko aditua Donostian izango da, Gipuzkoa 2.0 ekimenaren aurkezpenera Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta. Horren harira, topaketa bat izango da blogari euskaldunekin, eta Sustaturi eskatu diote hori koordinatzeko. Donostiako Tabakalera gunean izango da topaketa, uztailaren 28ko 17.00etan. Plaza mugatuak izango dira, eta izen-ematea ezinbestekoa da: baieztapenak telefonoz egingo ditugu.


Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Meet the Media Guru

BoingBoing

BoingBoing

Ingelesezko munduko blog ezagunetarikoa da BoingBoing. Mark Frauenfelder eta Carla Sinclairrek sortu zuten paperezko fanzine gisa, 1988an. 1995ean webgune bihurtu zen, eta 2000. urtean blog kolektibo gisa eraldatu. Ko-editoreak lau dira orain: Mark Frauenfelder, Cory Doctorow, Xeni Jardin eta David Pescovitz.

Kolaboratzaile eta adar gehiago ere baditu honezkero proiektuak, hala nola BBTV edo Offworld jokoei dedikaturiko webgunea. Enpresa gisa 2004an eratu zen Happy Mutants da orain BoingBoing egiten duena: beren buruari aise eusteko negozioa badutela ematen du.

Doctorow idazle

Blog kolektiboaz gain, bere lan pertsonalaz eta beste kontu batzuez informatzeko badu blog pertsonala Cory Doctorowk.

Zientzia-fikziozko idazlea da Doctorow eta Creative Commons Non-commercial lizentzia batekin banatzen ditu lan horiek. Ez dira eduki libreak, definizio ohikoenen arabera, eta ezin duzu zure kasa haren liburuen ediziorik egin, baina beren lanak kopiatzeko libre dira, eta zaletuen itzulpen libreak ere sarean daude.

Entsegu eta iritzi-artikulu ugari ere idatzi du, eta horietako batzuk liburuetan bildu dira. Content da horietan azkena. Doctorowren gogoko gai gogoenetakoak dira, adibidez:

  • Copyright legeen eraldaketa beharra.
  • DRM sistemen kontrako borroka.

Cory Doctorow hizkuntza gutxitu bateko hiztuna ere bada... edo etxeko hizkuntza zuen bederen yiddish-a, BoingBoing-en behin baino gehiagotan kontatu duen bezala.

Donostiara bisita uztailaren 28an

Datorren asteartean, uztailak 28, Donostian izango da Cory Doctorow. Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatu du Tabakaleran egingo den Gipuzkoa 2.0 ekimenaren aurkezpenera.


Argazkiak.org | Gipuzkoa 2.0 logo zabala © cc-by-sa: herri.admin

Bisitako programa bi ataletan banatuko da; lehenik Cory Doctorow eta euskal blogosferaren topaketa, Sustatuk koordinatua, eta, ondoren, Gipuzkoa2.0 programaren aurkezpen ekitaldia.

Blogosferarekin egitekoa den topaketa hau Tabakaleran izango da, Donostian, arratsaldeko 17.00etan. 60 minutuko elkarketa laburra izan behar du ezinbestean, eta plaza mugatuak izan behar dutela esan digute. Euskaraz eta ingelesez izango da topaketa, aldibereko itzulpenarekin.

Formatu honetan pentsatu dugu: berba batzuk eskatu Cory Doctorowri (20 minutu edo). Ondoren, arintasunaren mesedetan, aldez aurretik bildutako galdera sorta zuzenduko diogu gonbidatuari (beste 20 minutu); horregatik eskatzen dizuegu, izena ematerakoan, ea galderarik baduzuen. Beste 20 minutu azkenik, jardun librerako...

Internetetik zuzeneko bideo-emanaldia izango da halaber. Horrekin batera, kanpotik mezuak jasotzeko modua bideratuko dugu, kanpotik ere etor daitezen galderak edo iritziak topaketako azken parterako.

Izena emateko

Hitzordua datorren asteartean da, Donostiako Tabakaleran, 17.00etan. Etorri nahi baduzu, bete beheko datu-orri hau mesedez.

Topaketa honetan egoteaz gain, aukera duzu ondoren (19.30etan) izango den Gipuzkoa 2.0ren aurkezpenean eta piskolabisean izena emateko.

Telefonoa eskatzen dugu, deituta baieztatuko baititugu gonbidapen guztiak.

Antolatzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Koordinatzailea: Sustatu.com

Erantzun

Sartu