Teknologia albisteak

8 inputatu, AHTren aurkako protestetan errepideak mozteagatik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-07-17 : 14:07

AHTren aurkako protestek Bizkaiko errepideak kolapsatu dituzte gaur goizean. Zornotzan, Abadiñon eta Elorrion trafikoa eten dute, Durangaldean trafiko arazo larriak sortuz. Goiz osoan izan dira auto-ilara luzeak. Dagoeneko 8 lagun inputatu dituzte desordena publikoa egotzita, baina Gara egunkariak dio gutxienez 12 lagun atxilotu dituztela.

Ertzaintzaren esanetan "aldarrikapen ekintza hauetan parte hartu duten lagun guztiak" atxilotu dituzte. AHTren aurkako protesta batean Ordena publikoaren nahasmendu delitua egotzi izan da, lehenago ere.

Zornotzan, zubitik zintzilik

Goizeko 7.40an bi lagun zubi batetik zintzilikatu dira, Zornotzan, eta pankarta bat atera dute: "Obrak gelditu. AHTrik ez". Ertzaintzak trafikoa eten du autoek aktibistak ez harrapatzeko eta, Gararen arabera, pankarta "indarrez" kendu ondoren sokak askatuko zituztela mehatxatu egin diete. Hori ikusita, euren kabuz jeistea erabaki dute. Trafikoa etenda egon da 40 minutuz, N-634 errepidean. Herrizaingo Sailaren arabera hogei minutura utzi diote protestari.

Abadiñon, katez lotuta

Zornotzako ekimena hasi eta hamar minutu geroago, lau lagun katez lotu dira eta eskuak hormigoizko bloketan sartu dituzte, Abadiñoko San Blaseko bidegurutzean. Horrez gain likidoa isuri dute errepidean, eta suhiltzaileek garbitu behar izan dute. Autoak bazterbidetik bideratu dituzte, baina kamioiek ezin izan dute aurrera egin. Auto-ilarak Zaldibarrerarte iritsi dira.


Abadiño-Zaldibar

Gararen arabera N-636 errepidean (Elorrio) arazoak zeuden goizeko 11etan , baina errepideak irekita eta piskanaka normaltasuna berreskuratzen ari dira, Herrizaingo Sailaren arabera.

Informazio zehatza eman dute Anboto.org-en.

Erantzun

Sartu