Lehendakariak esan du Kultura Sailaren aurrekontuen ia %80 dela EITBrentzat, edo hori kopiatu dute egunkariek EFE agentziatik, behintzat. Kultura Sailaren %50 da EITBk bereganatzen duena. EFE edo Patxi Lopez erratu egin dira antzeko datu batekin: EITBren aurrekontuen ia %80 ordaintzen du Jaurlaritzak.
EITBren aurtengo aurrekontua 203,2 milioi eurokoa da. Jaurlaritzaren finantziazio zuzena %76,23 da, baina gero beste zerbitzu batzuk kontratatuz diru gehiago bideratzen dute. Konparatzen aldera, RTVEren autofinanziazioa handiagoa da, %50. Baina hori ere aldatuko da, datorren urtetik aurrera RTVEk ez baitu publizitaterik izango. Babesletzak bai, baina iragarkirik ez.
Igandean Alberto Surio EITBren zuzendaria elkarrizketatu zuen Berriak. Hau esan zuen Suriok elkarrizketa hartan:
ETB1i kalitate eta indar handiagoa eman nahi diogu, eta aurrekontu publiko gehiago lortu.
Patxi Lopezek Euskara Askatasunez ekimena aurkeztu zuenean, honako beste hau bota zuen: EITB eraberritzea informazio-zerbitzu publiko anitz eta demokratikoa, eta kalitateko eduki kulturalekin, eskaintze aldera. ETB-1en moldeak, edukiak eta aurrekontua aztertzea kultura euskaldun moderno eta askotarikoa garatzeko tresna baliagarri eta eraginkorra izan dadin.
EITBren aurrekontu orokorra jeitsiko dute, eta ETB1ena igo; edo bertan behera utziko dute proposamena? Ikustear dago nondik argalduko diren aurrekontuak.
LAB sindikatuak mehatxuak eta kaleratzeak salatu ditu ekainean. Sindikatu honek lehenago ere salatu izan du EITBk subkontratak sortzen dituela "kontrola ekidin eta soldatetan aurrezteko". EITBren zuzendaritzan egondako aldaketekin ez dago argi subkontrata hauek jarraituko duten. Antzeko egoera batean (EITBren hitzarmenetik kanpo) daude langileen %37.
Erantzun
Sartu