Teknologia albisteak

Euskalnet hotmailek eskeiniko du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-07-15 : 15:07

Euskaltel eta Microsoft akordio batera iritsi dira, Euskalnet e-posta zerbitzua, Hotmail kontu bat bailitzan, Windows Livek eskeini dezan. 5 GB korreoa, argazki-galeria, messenger-a... Hau da, Hotmailek lehendik ere doan eskaintzen zuena, ordainpean eskeiniko du Euskaltelek. Ez dakigu akordio honek zenbat diru mugitu duen.

Jesus Redondo Microsoften on line negozioko zuzendariaren arabera, Windows Live da "komunitate handiena, munduan 500 milioi erabiltzailerekin". Bere esanetan "Interneten pasatzen den denboraren herena, Windows Liven izaten da". Windos live goraipatzen duten beste webgune batzuek 330 milioi erabiltzaile ematen dizkiote Windows Liveri, eta Wikipediak 270 milioi ematen dizkio, Redondok emandakoaren erdia. Facebookek 200 milioi erabiltzaile aktibo dauzka munduan. Alexak tendentzia argia erakusten du MSNren beherakadan eta Facebooken gorakadan; dagoeneko aurre hartu dio grafikoan.

Alberto Garcia Euskaltelen zuzendari nagusiaren arabera, Euskaltelen bezeroek zerbitzu abangoardista eta osoenak izango dituzte. Bere esanetan "Euskal Herriko banda zabalen eta posta kontuen %49a Euskaltelen dago". Ez dugu datu hori inon konfirmatzerik izan. Garak eta EITBk lasai asko esan dute zerbitzu "aintzindaria" dela eta "Estatuan eskaintzen den biltegiratze ahalmen handiena" duela, 5 GB eskaintzean, baina benetako datua, izatekotan, beste bat da: Espainiako telefonia operadoreek eskeintzen duten handiena dela. 5 GB lehenagotik ere eskeintzen zituen Hotmailek, eta GMailek berriz, 7,18 GB eskeintzen ditu, eta etengabe handitzen. Yahoo 2007an hasi zen mugarik gabeko e-posta eskeintzen, eta orduan idatzi zuen Sustatuk gerra ez zela Mega eta Giga kopuruan egongo, baizik eta zerbitzurik azkar, eroso eta onena eskaintzen zuenak irabaziko zuela.

Erantzun

Sartu