Bizkaia.eu doako korreoa martxan da gaurtik, Microsofti ordaindutako teknologiaz
Jose Luis Bilbaok 2007an iragarri zuen eta gaur bete du: bizkaitarrek badute bizkaia.eu doako posta elektronikoa. 45 milioi euroko gastua duen BiscayTIK proiektuaren hiru ardatzetako bat da. Microsoftek 17,4 milioi poltsikoratuko ditu.
Bizkaiko Foru Aldundia gaur hasi da 14 urtetik gorako bizkaitarrei bizkaia.eu doako e-posta aktibatzeko instrukzioak bidaltzen. Gutun horietan aktibazio kode bat dago, beharrezkoa kontua sortu ahal izateko. Beraz, Bizkaian erroldatuta daudenentzat baino ez da zerbitzua. Aldundiak dio euskaraz eta gazteleraz erabili daitekeela, eta 5 GB biltegiratzeko aukera ematen du.
Aldundiaren esanetan "Udal administrazioen eta hiritarren arteko komunikazio digitalaren formula izango da eta hiritarren zuzenean jaso ahal izango dituzte dirulaguntza berrien abisuak, lan-eskeintzak, kontratu publikoei buruzko informazioa, eskaeren epeak, kanpainen hasiera eta bukaerak edo bere interesekoak izan daitezkeen beste gauza batzuk". Erabilpen baldintzek ez dute argitzen erabiltzaileak horiek jaso edo ez jasotzeko aukera izango duen, edo Aldundiak spama egiteko eskubidea duen berak eskeinitako zerbitzuan. Legezko oharrean zerbitzuaren lehen helburu hau aipatzen du: "Administrazioa herritarrei hurbiltzeko proiektuei buruzko informazioa ematea, proiektu horiek garatzea eta gauzatzea, eta bien arteko elkarrekintza bultzatzea, ekainaren 22ko 11/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetarako duten sarbide elektronikoari buruzkoa, betez."
Pribatutasunari dagokionez, Legezko Oharrak dio honako hauek bakarrik kontsultatuko dituela: bisitatutako orrialde-kopurua, bisitari-kopurua, webeko bisitarien jarduera eta erabilera-maiztasuna.
Sustatuk duela urtebete iragarri zituen BiscayTIK-Microsoft akordioaren nondik norakoak. Cybereuskadik maiatzean informazio gehiago eman zuen Microsoftek Bizkaiko Aldundiarentzat garatutako softwareari buruz.
Erantzunak kargatzen...