Teknologia albisteak

500 bisigutik gora, Orion

Erabiltzailearen aurpegia
Orioko Udala
2009-07-11 : 10:07

Orioko plaza jatetxe dotore bihurtuko da uztailaren 16tik 19ra. Bostehun bisigutik gora erreko dituzte Bisigua Orio Estilora jaialdiaren bigarren edizioan.

Jardunaldi gastronomikoaren helburua jendeari "bertako produktu bikainekin eta, bereziki, bisiguarekin, gozamena ematea da". Festak irauten duen bitartean bost otordu emango dituzte eta mila jankide inguru espero dituzte, horrela iragarri du Jon Redondo Orioko alkateak eguerdian emandako prentsaurrekoan.

Lehenengo edizioko arrakastak "behartuta" antolatu dute bigarrengoa. "Joan den urteko udan zalantzak izan genituela aitortu behar dut, baina txartelak saltzen hasi eta berehala uxatu genituen guztiak. Azkenean, ezinezkoa gertatu zitzaigun jasotako eskaera guztiak erantzutea", azaldu du Orioko alkateak. Hori dela eta, bigarren ediziorako otordu bat gehiago antolatu dute, eta jankide kopurua gehitu. "Joan den urtean lau otordu izan ziren, eta aurten bost izango dira. Guztira, 300 lagun gehiagok parte hartu ahal izango dute".

Lehenengo edizioan bezala, Andoni Manterola –Joxe Mari erretegia–, Luis Mari Uranga –Xixario jatetxea– eta Joxe Mari Zendoia –Katxina jatetxea– parrileroak izango dira bisiguak erretzeko arduradunak. Azkeneko biak prentsaurrekoan izan dira. Bisiguak Orio Estilora nola erretzen diren azaldu dute, eta ez bakarrik hitzez, prentsaurrekoak iraun duen bitartean bi bisigu erre baitituzte. Sukaldarien hitzetan, berezitasuna bisiguak erretzeko moduan dago. "Orion ez dugu besugerarik erabiltzen, bisiguak zabaldu eta parrilara botatzen ditugu".

Jon Redondo alkateak eta parrileroek Bisigua Orio Estilora jardunaldi gastronomikoaren garrantzia azpimarratu dute. "Oriorentzat oso inportantea da. Urtean zehar jende asko gerturatzen da herrira bisigua jatera, eta dudarik gabe, festak bultzada handia ematen die bertako jatetxeei eta herriari".

Gonbitea zabaldu dute

Uztailaren 16tik 19ra Orion ospatuko den festa ez dela soilik oriotarrentzat nabarmendu nahi izan du Jon Redondo alkateak. "Herriko ateak zabaldu nahi ditugu. Bisiguarekin gozatu nahi duen oro dago gonbidatuta". Eta jarraian, antolatu dituzten bost otorduetako batean parte hartzeko zer egin behar den azaldu du. "Orioko Turismo Bulegoan erreserba egitea nahikoa da. 943 830904 telefono zenbakian jasoko dituzte erreserbak, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara". Txartelaren sarrera 45 eurokoa da.

Festaren ardatza bost otorduak izango diren arren, bestelakorik ere izango dela iragarri dute. Horien artean, Orioko plazan izango den azoka, 'Euskal Herriko hainbat produktu eta informazioa eskainiz'; marmitako erraldoia, "1.200 razio banatuko ditugu"; ARCI mailako Orio Estilora 2. bandera edo 1.000 razio banatuko dituen hegaluze parrilada nabarmendu dituzte. Ikus egitarau osoa (pdf)).

Arrantza-flota, 278 unitatekoa

Bi agerraldiak amaitu aurretik, Jon Azkue Arrantza Garapenerako sailburu-ordeak Donostian eta Jokin Díaz Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendariak Bilbon, Bisigua Orio Estilora bezalako ospakizunak arrantza sektorerako garrantzi handikoak direla azpimarratu dute, "arrantza munduari eta arrantzaleei egindako omenaldiak direlako".

Jarraian, Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza sektorearen erradiografia eskaini du. Arrantza Zuzendariak emandako datuen arabera, EAEko arrantza flota, hau da, egoitza-portua Euskadin daukaten barkuak, 278 dira; horietako 219 baxurakoak dira, 32 alturakoak, 3 bakailao-ontziak eta beste 24 atun-ontziak. Arrantzale kopuruak, berriz, 2.800eko muga gainditzen du (1.710 baxurakoan, 479 alturakoan, 27 bakailao-ontzietan eta 541 atun-ontzietan).

Estatuko edo Europako beste herrialdeekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-flota ugarienetakoa da. Estatuan bigarren indarra da, Galiziaren atzetik. Europa mailan, berriz, ez da iristen Irlandaren edo Greziaren kopuruetara, baina kopuru aldetik Alemania, Suedia, Polonia edo Belgikako arrantza-flota baino garrantzitsuagoa da.

Erantzun

Sartu