Bilboko Udalak martxoan hasi eta ekainera arteko Mintzakide Egitasmoa abiatu du. Berritzaile gisa aurkeztu dutenez egitasmoa, gure harridura adierazi nahi dugu Bilbon berbalagun egitasmoak martxan ditugun Asapala eta Berbaizu euskara elkarteok.
Laugarren urtez antolatu da aurten Mintza Eguna, Gasteizen izan da hitzordua, ekainaren 6an. Euskal Herriko ehunaka Berbalagun, Mintzalagun, Solaskide eta Mintzakide batu dira Mintza Egunean. Izan ere, milaka dira Euskal Herri osoan Mintzapraktika programetan parte hartzen duten lagunak. Bilbon bertan, badira zazpi urte indarrean daudenen arteko lehen egitasmoa martxan jarri zela eta hirurehun lagunen bueltan ari dira Deustu, Indautxu eta Mahatserriko egitasmoetan parte hartzen.
Horregatik harritu gaitu Aste Santuaren bueltan hainbat hedabidek argitaratutako berriak, azken asteotan berriro ere zabaldu dutena. Bilboko Udaleko Euskara Sailak Ulibarri Euskaltegiaren eskutik Mintzakide izeneko egitasmo berritzailea martxan jarri dutela zioen berriak, Katalunian martxan dagoen eredu batetik hartutako egitasmoa. Harritu gaitu, Bilboko Udalak eta Ulibarri euskaltegiak ondo ezagutzen dituztelako Berbalagun egitasmoak, Euskal Herrian 1993 urtetik aurrera martxan daudenak (Kataluinan baino bizpahiru urte lehenago) eta Bilbo mailan, Deustun 1.997an hasi, bi urtez iraun eta gerora 2002 urtean Mahatserrian berrabiarazitakoak (Bilboko udalaren diru-laguntza jasoz urtetik urtera, gainera).
Horregatik ez dugu ulertzen zein behar eta gogo dagoen berritzaile ez dena berritzaile modura aurkezteko. Bide batez, izena ere (Mintzakide) Nafarroan martxan dauden zenbait egitasmotatik hartu dute antolatzaileek; horretan ere, berritasunetik gutxi du egitasmoak.
Gaur egun Bilbon hiru egitasmo daude Berbalagun izenarekin funtzionatzen eta Mintzakide egitasmoak eskaintzen duen aukera berdina jartzen euskaldun ororen esku: Mahatserria, Deustu eta Indautxuko Berbalagunetan asteroko dinamikarekin parte hartzen ari diren ehunaka lagunak lekuko.
Mintza Eguna aukera paregabea izan da Mintzapraktika egitasmoek duten onarpen zabala ikusteko eta hurrengo urterako egitasmo berria martxan jarri duten lagunak ere bertan egon daitezen gonbidatu nahi ditugu, horrekin batera Bilbon lehenago dagoen errealitatearen jabe izan daitezen eta beste egitasmoekin batera elkarlanean jardun dezaten eskatuz.
Erantzun
Sartu