Sustatu logoa Teknologia albisteak

ETAren hausnarketaren berri esklusiban omen du TVEk

Sustatu
2009-06-25 12:06

TVE telebista publiko espainiarrak dio ETAren hausnarketa prozesuaren ondorioak jakin dituela bere ikerketa taldearen bidez. Jakin dutenetik, izenburu hau ondorioztatu du TVEk: "Independentzia lortu arte hiltzen jarraitu." Irudiak ere publiko egin ditu TVEk, ustezko ETAkideak ordenagailuekin.


Argazkiak.org | ETAkoak ordenagailuetan © cc-by-sa: herri.admin

Webean ez dute esaten irudiok antzezpena diren edo ez.

Datozen egunetan emango dituzten erreportaia batzuetan zabalduko dute guztiaren berri. Bizpahiru esaldi gaztelaniaz, horixe da oraingoz aurreratu dutena, ez da asko, baina hona ikerketa harrigarriaren beste puntu pare bat:

  • ETAk Euskalerria Bai izeneko bilgune bat bultzatuko duela bere kontrolpean. (Ipar Euskal Herrian Euskal Herria Bai izeneko koalizio bat badago lan politikoa egiten 2007. urtetik...)
  • Sueten partzialak bultzatuko dituela: Euskal Herrian soilik edo/eta (ez dago argi TVEren azalpenetan) sei hilabeteko geldialdiak.

TVEk dio hausnarketa hau hiru urteko ziber-asanblada baten ondorioa dela. Argazki pare bat ere jarri dute, ETAko batzuk ordenagailu baten aurrean. Hemen ETAko bat kafea hartzen ordenagailu aurrean.


Argazkiak.org | ETAkoak kafea hartzen eta ordenagailuan © cc-by-sa: herri.admin

Antzezpena dirudite irudiok, baina ez dakigu, TVEk ez baitu zehaztu, behintzat Interneteko lotura hauetan. Bideoan ere irudi horiek ikusten dira. Eta asanblada zaharrago batekoak ere bai, egiazkoagoak izateko itxurarekin horiek.

ETAk bere hausnarketez emandako azken azalpenetan (Gara egunkarian elkarrizketa bat), hiru urteko kontu bat baizik, azken udaberri honetako hausnarketa batez mintzo zirela ematen zuen. Uda hasi baino lehen jakinaraziko omen zuen ETAk hausnarketaren berri. Urtaroa hasi da, eta oraingoz ez da agiri edo informazio zehatzik argitaratu, baina juxtu uda hasi baino lehen izan zen azken atentatua, Eduardo Puelles poliziaren hilketa Arrigorriagan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu